Aiztondoko Mugimendu Feministak Orioko elkarteratzea salatzeko, elkarteratzea egin du

Irune Alfonso 2023ko mai. 20a, 07:54

Aiztondoko Mugimendu feminista, Lurgatz eta Akain talde feministak deituta, elkarteratzea egin dute Orioko erailketa arbudiatzeko. Oinezkoen zubian batu dira herritarrak. 

Mugimendu feministak irakurritako komunikatua: 

ERAILKETA MATXISTA GEHIAGORIK EZ!!

Orion, maiatzaren 16an eman da 2023ko lehen erailketa matxista Euskal Herrian. Hasteko gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diogu eraildako emakumearen familiari. Honekin batera komunikabideetan zabaltzen ari diren irudiak ere salatu nahi ditugu, familei eta gertukoei eragiten dien mina doako da.


Emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Ez nahasi, hau patriarkatuaren muturreko ondorioa baino ez da,
egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorio alegia.


Esan bezala, indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorio da. Sistema biolento batean
bizi gara bai emakumeok, baita heteroarauan sartzen ez diren gorputzak ere. Haien bakeak gure guda izaten jarraitzen baitu. Honekin bukatu beharra daukagu, nazkatuta gaudelako gure
egunerokotasuna indarkeriaz bizitzeaz eta azken muturrean erailak izateaz.


Emakumeok gure bizitza proiektuak aurrera eraman nahi ditugu. Baina gizarte honen egitura
patriarkalak gure bizitzak arriskuan jartzen ditu. Horregatik gizartearen egituraren oinarriari
eragin behar diogu, feminismoaren irakurketei jarraituz. Ez dezagun ahaztu emakumeon
gorputzetan gorpuzten bada ere, hau gizarte osoaren arazo bat dela.


Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea.
Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitzabizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik
gabea.


Aski da! Erailketa matxistarik ez!
Gaur, maiatzak 17, arratsaldeko 19etan Orion egingo den elkarretaratzean mobilizatzera
deia egiten dugu eta hurrengo egunetan Euskal Herriko herri eta txokoetan egingo diren
salaketetan parte hartzera ere egiten dugu deia.
GORA BORROKA FEMINISTA!
Euskal Herrian, 2023ko maiatzaren 17an

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!