Luis Rezola "Tximela" bertsolaria hizpide izango dute Adunan

Xabier Lasa 2023ko mai. 31a, 18:32

Tolosan jaio zen Luis Rezola (1914-1993), Tximela bezala ezagunagoa zena. 1948an bertan ezkondu zen Tximela, Adunako Garagartza baserriko Ramona Zabalarekin. Villabonan jarri ziren bizitzen, hil arte bizitoki izango zuen herria. 

Modesto Rezola Tximelaren semeak eskainiko du hitzaldia, Udal liburutegian. Arratsaldeko 19:00tan hasiko da hitzaldia.

Tximela, isildu ezin izan zuten gizona

Tolosan jaio zen Luis Rezola (1914-1993) Tximela bezala ezagunagoa zena. Bere aitona, Tolosako Izaskun auzokoa, tximel-tximela omen zen eta haren ondorengoek deitura hori hartu zuten.  Bertsotan ume-umetatik hasi zen zortzi urterako.

Aita hamabi urte zituenean hil zitzaion. Ondorioz, bere familia San Blas auzotik Tolosako herrira jaitsi zen. Hamahiru urterako Tolosako torloju fabrikan hasi zen lanean. Hala ere ikasketak ez zituen segituan utzi. Lanetik aterata gau eskolara joaten zen lehen ikasketak amaitzera. Hemeretzi urterekin etorri zen Aiztondora Tximela, Talleres Aduna lantegian hasi baitzen lanean. Garai hartan egin behar izan zuen soldaduska ere; lehenik Palentzian egon zen eta gero Alcala de Henaresen.

EUSKO GUDAROSTEKO KIDEA
Bere bizitza ordea, beste askorena bezala, 1936ko gerra zibilak markatu zuen. Bi aldiz pentsatu gabe, Eusko Gudarostean sartu zen. Lehenengo Loiolako batailoian egin zuen borroka eta ondoren Jagi-jagikoekin Lehenago hil izeneko gudarostean. 1936an bertan, 22 urterekin kapitain izendatu zuten. Berak bertso batean dioen bezala, “izardunetan gazteenetakoa” zen. Adorean ez ordea. Faxixtek Gipuzkoa eskuratu eta gero, Bizkaira joan zen borrokara. Besteak beste, Gorbea, Oitz, Gernika eta Bilbon ibili zen.

Lehen espetxealdia
1937an, EAJko ordezkariek italiarrekin Santoñako hitzarmena sinatu ostean, italiarrek eurek atxilotu zuten abuztuaren 24an. Hasieran Laredoko kontzentrazio esparruan eduki zuten eta handik hamabost egunera Santoñara eraman zuten, El Duesoko kartzelara. Urte hartako irailaren 29an egindako epaiketa militarrean ondoko zigorra jaso zuen:  “Condenado a la pena de Reclu-sión perpetua por motivo de adhesión a la rebelión”. 1938an, onartu berri zen dispertsio legea aplikatuta Duesotik Cadizera, Puerto de Santa Mariara bidali zuten. Duesoko  espetxetik irteterakoan ondoko agurra idatzi zuen:

Goizeko bostak dira,
datorkit ordua,
begirik itxi gabe
galdurikan lua.
Etxeaz aldatzera
Cádizera nua,
ura ere, zu bezela,
ote inpernua?

1940an, atera zen espetxetik. Baina ez zuen frankismoaren aurkako borroka utzi. 1946an, erregimenaren aurkako paper batzuk banatzea leporatuta, berriz atxilotu zuten. Ondarretako espetxean egon zen. Tximela kikiltzeko,  ordea, espetxea baino gehiago behar zen. 1948an, jadanik kalean zela, beste bi lagunekin batera Ikurriña jarri zuen Uzturre mendiko tontorrean.

Amasa-Villabonara ezkondua
1948an bertan ezkondu zen Tximela. Adunako Garagartza baserriko Ramona Zabalarekin. Villabonan jarri ziren bizitzen, hil arte bizitoki izango zuen herria. Bi seme izan zituzten: Modesto eta Ramon. Lantegiko lana eta familiaz gain ordea, abertzaletasunari eta euskaltzaletasunari tinko eutsi zion Tximelak. 50eko hamarkadatik aurrera, Zeruko Argia eta Principe de Viana agerkarietan bertso paper ugari argitaratu zuen. Tximelaren lan mardula ederki bilduta dago Auspoa saileko Bakardadeko ametsak 1 eta 2 liburuetan. 1993an azken arnasa eman eta gutxira jaso zuen bertsozaleen omenaldia, 1994ko Bertsolari Egunean hain zuzen. Bere bertso batzuei Oskorri taldeak jarri die musika The Pub ibiltaria ikuskizunerako.  

Duesoko espetxetik idatzitako bertsoak
Astera noa kantuan
kartzelaturik Duesoan,
honela ditut penak aztutzen
etxe giltzatuan.
Gordetzen badet buruan
ez da jakingo munduan
hogeitahiru urte ederrekin
gaur nola negoan.

Herrira zaudek eskatuk,
hala enteratu gaituk,
paperen batzuk, ikus dezaten
nola geran oituk.
Zentzuak ez bauzkak nekatuk,
ondo ipini pekatuk;
ez haiz gizona informe txarrak
bialtzen badituk.

Biok pekatu berdina,
euskeran alde, jakina;
horregatikan erderantzako
ez det hartzen mina.
Amak egin nindun fina,
berea dakarkit grina,
naiago nuke euskaltzaleok
sei milioi bagina.

Karta artu dek hemendikan,
hoiek gorde isilikan,
lenengo lagunek bilatzen badek
ez gorde hitzikan;
jana bialdu hortikan,
poztuko nauk gogotikan,
gure Jainkoak ez dik galazten
laguntasunikan.

Anketan zeuzkat gauz finak;
egurrezko espartzinak,
kristal puskekin eskuz neronek
pazientzin eginak;
paperezko galtzetinak,
kolorez zuri-urdinak,
eskerrak nere hankik ez dula
ikusten euriak.    

Orma da zabala neurriz,
luzean lau metro berriz,
tartean-tarte, gau eta egun,
zaindariak dabiltz;
ate haundiak hamar giltz,
ezkur amets alfer gabiltz...
nahiago nuke enara beltza
bihurtuko banintz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!