Partida lehiatua izan zen lehen minututik, txapelketako bi bikote onenen artean. Gorriek behetik gorako ibilbidea egin dute aurtengo edizioan; final-laurdenetako ligaxka gaizki hasi zuten arren, sailkapeneko lehen postuan amaitu zuten, 12 punturekin, jokatutako bost partidetatik hiru irabazita. Finalerdian, Barrenetxea eta Goikoetxea kanporatu zituzten. Segurola eta Juaneneak, berriz, ligaxkako bigarren postuan amaitu zuten, hauek ere bost partidetatik hiru irabazita, baina 11 punturekin. Finalerdian, Ezkurra eta Zubiri kanporatu zituzten.
Horrenbestez, finalak ikusmin handia sortu zuen, eta jende andana bildu zen Galarretako harmailetan. Segurola eta Juaneneak irabazi zuten txapela preziatua, 1-2 gailenduta, 11-15, 15-10 eta 2-5eko partzialekin. Gorriek pilota motelak hartu zituzten. Martirena ez zen pilota motel horietara egokitu eta urruti geratzen zen pilotakadak ematerako garaian. Urriza bera ere nekatu egin zen eta, azken tantoetan, freskotasuna falta sumatu zitzaion. Aldiz, urdinak bikain aritu ziren Segurolari esker. Juaneneak ere partida bikaina egin zuen eta bikote sendoagoa osatu zuen.
Lehen setean, gorriek aurre hartu zuten, Urrizaren joko erasokorrari etekina ateraz. Martirenak, artean, ondo babestu zuen atzekaldea. Ondorioz, 5 eta 1 aurreratu ziren Urria eta Martirena. Hala ere, Segurolak eta Juaneneak ez zuten amore eman. 6-5 eta 7-6 hurbildu ziren, neurketa berdintzear izan ziren, baina gorriek presioari eutsi zioten eta 11 eta 7 jarri ziren aurretik. Baina hori izan zen gorriek joko honetan egin zuten azken tantoa. Urdinek 0 eta 8ko partziala egin eta markagailua irauli zuten seta 11 eta 15 poltsikoratzeraino.
Bigarren jokoa ondo bideratu zuten Urrizak eta Martirenak. Seta irabaztea ezinbestekoa zuten finala berdintzeko. 9 eta 3 aurreratu ziren eta jokoak kolore gorria zuen, eta horrela jarraitu zuten amaiera arte: 15-10. Hemen ere Urriza izan zen sendoena.
Finala hirugarren jokoan erabaki zen, 5 tantora. Urdinek gogor hasi zireen, 1 eta 3 aurreratu ziren Segurolaren hiru tantoei esker. Azkenean 2 eta 5 nagusitu ziren azken set erabakigarrian. Juaneneak amaitu zuen finala.