Bilboko erailketa matxista gaitzesteko elkarteratzea egin du Aiztondoko Mugimendu Feministak

Irune Alfonso 2023ko eka. 19a, 20:32

Bilboko erailketa matxista gaitzesteko elkarteratzea egin dute gaur arratsaldean, Amasa-Villabona eta Zizurkil batzen dituen oinezkoen zubian. Elkarteratzea Aiztondoko mugimendu feministak, Lurgatz eta Akain talde feministek deitu dute. 

Mugimendu feministaren komunikatua: 

ERAILKETA MATXISTARIK EZ! NAZKATUAK GAUDE!!! Orion eta Gasteizen gertatutako erailketa matxistatik egun baztuetara, Bilbon, Santutxun 2023ko hirugarren erailketa gertatu da. Gogor salatu nahi dugu gizon gazte batek 89 urteko emakume bat erail izana. 2003tik hona 120 emakume erail dira indarkeria matxistaren eraginez Euskal Herrian. Lehenik eta behin gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diogu emakumearen familia eta lagunei. Baina horrekin batera, nazkatuak gaudela ozen aldarrikatu nahi dugu. indarkeria matxista ahalbidaertzen dituten jarrera konplize guztiekin amaitzea eta erasotzaileei aurre egitea jendarte osoaren ardura izan behar du. Bada garaia beraz, aurrera urrats handiagoak emateko norabide horretan eta bakoitzak bere esparrurtik dagokion ardura har dezan. Indarkeria matxista ez duelako etenik izango jendartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte, indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa baita. Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula. Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea. Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea. Aski da! Erailketa matxistarik ez! GORA BORROKA FEMINISTA!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!