Multinazional batek elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio Argia aldizkariari

Aiurri 2023ko eka. 20a, 12:30

Argazkia: Dani Blanco / Argia

Guatemalako kazetari bati egindako elkarrizketa bat dela eta, Argia aldizkariari informazio hori ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio Solway Investment Group multinazionalak. Joan den apirilean, Prensa Comunitaria hedabideko Paolina Albani kazetaria Euskal Herrian izan zen, Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta, eta, orduan, besteak beste, Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu dituela salatu zuen.

Argiak jakitera eman duenez, bi eskaera horiek bete ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin du multinazionalak. Gaineratu du ez duela halakorik egingo, eta kazetaritza independentea aldarrikatzeko baliatuko du erasoa, “kazetaritza ez da delitua” printzipioa oinarrizkotzat jota.

Paolina Albani Mining Secrets izeneko ikerketan oinarritu zen salaketa hori egiteko. Ikerketa horretan, besteak beste, Nazioarteko 65 kazetari daude; esaterako, Suitzako RTS irrati-telebista publikoko kazetariak, baita The Guardian, Le Monde eta El Pais egunkarietakoak ere.

Zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jaso zuten kazetari horiek, eta, hainbat ondorio atera zituzten: hala nola, Solway Investment Group multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu dituela, zonaldean bizi diren komunitateen biziraupen-laboreei su emateko planak zituela, tokiko liderrak erosteko diru-funtsak zituela, Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!