Koldo Urrutia erlezaina hil da

Aiurri 2023ko uzt. 1a, 17:06

Koldo Urrutia Galarraga atzo hil zen, 75 urte zituela. Villabonan bizi zen andoaindarra, Erlezainen Elkarteko sortzaileetariko bat izan zen, eta bertako lehendakaria urtetan. Hilbeila Vascongada beilatokian egongo da, gaur larunbatarekin, 16:00etatik 20:00etara, eta bihar, igandearekin, 10:00etatik 16:00ak arte.

Urrutiak berezko erlezaintzaren defentsari eskaini zizkion bere bizitzako makina bat urte, eta halaxe mintzatu zen Aiurri aldizkariari 2010eko uztailean eman zion elkarrizketan:

Gaur egun erlea desagertzeko zorian omen dago; zein da, zehazki, arazoa? Síndrome de Desocupación de Colmenas delakoa da gaur egun arazoa sortzen ari dena, arazo oso larria gainera. Erleak erlauntzetatik desagertzen ari dira; zuk erlauntzak dituzu, eta bat-batean, hustu egiten zaizkizu. Eztia bertan dago, baina erlerik ez, desagertu egiten dira. Erlauntzetatik atera egiten dira, baina ez dira itzultzen, eta oso egun gutxitan kaxa hustu egiten da. Hori sekulako arazoa da, egoera oso larria da. Kalkuluen arabera, mirariren bat gertatu ezean, baliteke hamar urte barru erlea guztiz desagertuta egotea.

Zein dira, zure ustez, horren arrazoiak?

Horren arrazoien artean, bi kutsadura mota aipatuko nituzke. Batetik, ingurumena gero eta kutsatuago dago, gero eta produktu kimiko gehiago erabiltzen da, edozein tokitan gainera; ingurumen-kutsadura litzateke hori. Baina bada beste kutsadura mota bat ere, erlezainak sortzen duena, erleak tratatzeko duen moduagatik. Flubalinatoaren eta antzeko tratamenduen ondorioz, erlea ahultzen joan da. Erlezainek, bere garaian nik neuk ere bai, borondate onenarekin erabili dituzte produktu horiek, baina erleen kalterako izan dira. Flubalinatoaren eta antzeko tratamenduen erabilpena egokia ez zen susmoa banuen, une jakin baterako balio zezakeela, baina gerora begira, ezetz. Eta azkenean, halaxe gertatu da. Horregatik utzi diot erlezain izateari, eta horren ordez erlelagun bihurtu naiz.

Erlezainak burutzen duen jardunarekin bat ez zatozelako, alegia?

Hori da. Egoera okertzen zihoan. Erleak gero eta errazago hiltzen ziren, gero eta zabor gehiago erabiltzen baitzen, jarabeak etab. Bestetik, barroa bat-batean etorri zitzaigun, eta flubalinatoa erabili genuen horren aurka, oso toxikoa dena, baina erlea bizirik mantendu nahi genuen eta… Produktu toxiko bat urtero erabiltzeak, ordea, badu bere eragina, naturan dena metatu egiten baita. Konturatu nintzen tratamendu horiekin erlea zaindu beharrean kaltetu egiten genuela. Horregatik erabaki nuen erlezain izateari utzi eta erlelagun bihurtzea. Nik betidanik maitatu izan dut erlea, batez ere jakinda erlearen produkturik garrantzitsuena ez dela eztia, ezta lore-hautsa ere, egiten duen polinizazioa baizik. Erlerik gabe jai dugu. 

Zer gertatuko litzateke erleak desagertuko balira?

Albert Einsteinek bere garaian esan zuen: “Erleak desagertuko balira niri lau urteko bizia geratuko litzaidake”. Kalkuluen arabera, erleek planeta mailan ematen den polinizazioaren %80a burutzen dute. Badira beste polinizatzaile batzuk ere, saguzarrak, tximeletak etab., baina erleek duten ahalmena apartekoa da. Beraz, erleen desagerpenak polinizazioaren beherakada izugarria ekarriko luke. Poliniaziorik emango ez balitz, ernaldu gabeko haziak izango genituzke, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Badira haizearen bidez polinizatzen diren espezieak, pinua esaterako. Pinua erlea baino lehen sorturiko espeziea da, dinosauroen garaikoa. Baina geroztik, erleari zein beste intsektu polinizatzaile batzuei esker beste hamaika espezie sortu dira, elkarrekiko harremanen bidez dibertsifikazioa eman da. Bada, erleak desagertuko balira, pinuen garaira egingo genuke atzera, lorerik gabe, intsekturik gabe…, eta espezie bezala desagertu egingo ginateke, ezingo baikenuke egoera hori jasan. Txinan bada erlerik gabe gelditu den zonalde bat, eta eskuzko polinizazioa egiten hasi behar izan dute. Udareondo sail handiak dituzte baina erlerik gabe geratu dira, eta polinizazioa eskuz egitea besterik ez zaie geratu. Sekulako lana da hori, eta gainera epe luzera mantendu ezinezkoa. Eta kasu hori beste toki batzuetara zabaltzen ari da.

Egoera horren aurrean, zer proposatzen du, beraz, erlelagunak?

Orain arteko erlezaintzarekin alderatuz guztiz ezberdina den sistema bat, Berezko Erlezaintza, hain zuzen ere. Bi sistemak bereizteko garaian esango nuke orain artekoa, erlezainek erabili dutena, erlezaintza suntsitzailea dela, erlezaina izan baita, azkenean, erlea hondatu duena. Erlezaina da lehen aipaturiko sindrome horren oinarria. Gure borondate onenarekin bete-betean tontoarena egiten ibili gara. Kutxak jarri ditugu, neurri jakin batekoak, eta gero neurri horiek erleentzat guztiz desegokiak direla jakin dugu. Lehen erleak edozein tokitan egoten ziren, espazio bila joaten ziren euren eran euren argizaria egiteko…, hori izan da erleen joera. Guk, ordea, leku txikietan kokatu ditugu, pentsatuz horrela berotasuna errazago mantenduko zutela, hezetasunaren arazoa gutxitu zitekeela… Eta ez da horrela izan. Erle oso ahulak zaindu ditugu, itsututa egon gara, eta erlezain gehienak oraindik ere halaxe daude, guztiz itsututa. Erlearen inguruan zenbat eta gutxiago sartu eskua, askoz hobe; baina aurkakoa egin da. Erlea berez basatia da, eta guk etxekotu egin nahi izan dugu.

Zer da Berezko Erlezaintza?

Azken batean, erleak milioika urteetan egin duenera bueltatzea litzateke, erleei lekua uztea. Batetik, erlauntza altuagoak erabiliz. Bestetik, erleei eurei utziz abaraskak egiten. Erlauntzetan abaraskak guk jarri ordez, erleen esku utzi behar da lan hori egitea, guk baino gehiago baitakite gai horri buruz; 50 milioi urtez aritu dira horretan. Guk gida moduko batzuk jarri beharko genituzke argizari arrasto batekin, besterik ez. Horrez gain, erlauntzetan jarri beharreko koadro kopurua ere aldatu behar da, hamarretik hamaikara. Esan bezala, erleari argizaria bere neurrira egiten uzten badiogu, abaraskak geuk jarrita egingo luketena baino erlazulo laburragoak egingo dituzte. Horrela, orain arte bezala hamar koadro jarri beharrean hamaika jarriko genituzke. Horrek, batetik, espazio berean erle gehiago jaiotzea ekarriko luke. Bestetik, eurei berez dagokien neurriekin ari direnez, tenperatura hobeto mantentzen dute, bestela baino gradu bat gehiago, eta barroa ezin da bizi tenperatura horretan. Beraz, sistema honekin, beraiei egiten utziz, arazo asko konponduko lirateke berez.

Berezko Erlezaintzan al diharduzu zuk gaur egun?

Bai, nire erleek ez dute aspaldian jaraberik ikusi. Ez dut barroa tratatu, eta horren ondorioz zenbait erle hil zaizkit. Baina beste batzuk indartu egin dira; nolabait esateko, hobekuntza genetiko baten atzetik ibili naiz. Mimatu egiten ditut erleak. Erlea bizirik mantendu nahi dut; niretzat eztiak ez du garrantzirik, ezta lore-hautsak ere. Nik erlea maite dut, eta hura da garrantzitsuena. Eta zorionez, jendea hasi da pixkanaka erlearen garrantziaz jabetzen.

Berezko Erlezaintzak zer nolako hedapena izango duela uste duzu?

Sistema hori milioika urtetan egon dena da, beraz, zabalduko da, ez dago beste biderik. Une honetan sekulako iraultza ematen ari da eta sistema honen aurkako interes asko daude, baina berdin da, zabalduko da.

 

BERTAKO ERLEAREN GARRANTZIA

Hemengo erleak kanpoan garrantzi handia izan duela dio Koldok, “erleak kanpotik ekartzeko joera handia zegoen, nahasketak, hibridazioak… Bertako erlea berreskuratu nahian, laginak bildu genituen Goizuetan eta Oñatin, eta Parisa bideratu genituen, INRA delakora (Institut National de la Recherche Agronomique); bertan, erleei buruzko mundu mailako ikerketa bat egiten ari ziren, genetika erabiliz. Ordura arte, erleen munduan egindako sailkapenak neurri morfologikoetan oinarritu ziren, esaterako, hegoaren luzeran, mingainarenean, etab. Hemendik bidalitako laginak jaso zituztenean gurekin harremanetan jarri ziren, harrituta, nongo erleak ziren galdetuz”.

Harriduraren arrazoia azaldu du erlelagunak. “Euren iritziz, ezinezkoa zen hemengoak izatea, guk bidalitako laginak ez baitzeuden hibridatuta; garai hartan Europan %60-70 hibridoak ziren bitartean, gure erleak puruak ziren. Orduan hasi ziren gaur egun Europan dagoen erlea hemendik joandakoa dela ikusten. Horren arrazoi zientifikoa glaziazioa da. Glaziazio garaian dena izozpean geratu zen, baina hemen, Kantauri inguruan mikroklima berezi bat zegoenez, zenbait espeziek, horien artean erleek, hemen aurkitu zuten babesgunea. Desizoztea hasi zenean espezie horiek iparraldera zein hegoaldera mugitzen hasi ziren”. Hemen inguruan ez ezik, Kanarietan ere ibili zen Koldo berreskuratze lanetan, “erleak sekulako garrantzia du Kanarietan, hango botanika oso berezia baita, eta konturatuta daude erlerik gabe jai dutela. Laginak bildu genituen bertako erlearen ezaugarriak identifikatzeko, eta aukeraketa genetiko bat egin ondoren hazkuntzarekin hasi ginen, aukeraturiko ama horietatik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!