[Adierazpena]

Euskaraz jarraituko dugu!

Hainbat eragile 2023ko uzt. 13a, 12:46
Hainbat herritako alkateak, tartean Bilbokoa eta Donostiakoa, agerraldia egiten ari dira Bilbon, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen kontra kaleratutako azken epaia salatzeko. Argazkia: Gotzon Hermosilla.

Tolosaldeko alkateek eta eskualdeko euskalgintzako erakundeek Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskararen aurka hartutako azken epaia salatu nahi dugu.

Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera uztearen ondorioz, udalei eskumena kendu zaie beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko. 2016an onartutako lege horri esker, udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta erabaki horrekin, Auzitegi Konstituzionalak aukera hori deuseztatu du.

Tolosaldeko udal gehienek euskara hutsean funtzionatzen dute, eta aldi berean herritarron hizkuntza eskubideak bermatzen dira. Erabaki honekin, ordea, euskararen normalizazioa helburu duten hizkuntza-politikak aurrera eramateko aukera ukatzen zaie udalei; egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza indartzeko neurriak hartzea zailtzen da. Gure eskualdearen kasuan, 28 herrien gehiengoa euskararen arnasgune izanda, babes eta garapen neurri bereziak eta ausartak behar ditugu hizkuntza-politikan.

Tolosaldeko herritar gehien-gehienak euskaldunak gara: eskualdeko biztanleen %75 euskal hiztunak dira, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren mugan daude. Horrek Euskal Herriko zonalde euskaldunenen artean jartzen du Tolosaldea, eta egoera horretan, posible da Tolosaldean euskara harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea, eta erabateko unibertsalizazioa lortzeko urratsak egitea.

Gure herrietan euskara naturaltasun osoz transmititzen da eta herritarrak euskaraz bizi gara nagusiki; udalen barne-funtzionamendua euskaraz izatea normaltasun horren jarraipena besterik ez da. Beraz, udalek orain arte bezala lanean jarraitzea babesten dugu, herritar, eragile zein erakundeen nahia horixe baita: administrazioan ere euskararen aldeko hizkuntza-politika aurrerakoiak izatea.

Azkenik, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko edo mediatikoa koxka bat gehiago estutu du azken erabaki honek, oraingo honetan euskararen ofizialtasuna ere auzitan jarriz. Oldarraldi sistemikoa salatzeko eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko, manifestazio nazionala deitua du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako, Bilbon. Lerro hauen bitartez herritarrei dei egiten diegu manifestazioan parte hartzera. Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko herritarrok batu eta mobilizatu beharra daukagu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!