Areagotzen doazen murrizketen aurrean, osasungintza publikoa babestu eta indartzea eskatu dute

Noaua 2023ko uzt. 15a, 23:58

Osakidetza publiko eta duina bermatzea exijitu dute zenbait herri plataformek, gaur Donostian egin duten elkarretaratzean.

Osasungintza publikoaren suntsiketa salatu eta etenik gabe gehitzen doazen murrizketak berehala etetea eskatu dute. Guztion Osakidetza babestu eta indartzeko eskaria egin diote Eusko Jaurlaritzari, larunbat eguerdi honetan Donostiako Amara Berriko anbulatorio atarian egin duten elkarretaratzean. Eskualdeko hainbat herri plataforma batu ditu hitzorduak; eskualde honetako, Donostialdea Osasun Publikoaren Alde eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde edota Osakidetza defendatzeko Olatu Txuria herri ekimenak. 


Guztien pankartetan osasungintza publikoa defendatzeko aldarriak. "Murrizketarik ez! Ez udan, ez neguan!" zioen Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformakoak. Hain zuzen, oso aspalditik datozen murrizketen bidean sakondu dute urte garai honetan. Ekaina amaieran Osakidetzak zenbait osasun-etxe itxi eta beste zenbaitetako ordutegiak murriztea erabaki zuen. 

Udalerri honetako zerbitzu hau Donostialdeako ESIaren baitan txertatua dago. Sare honetan dauden hainbat osasun-etxeetan goizeko 8:00etan irekitzen jarraitu bai baina itxiera ordua 17:00etara aurreratzea aurreikusia dute; tartean, Usurbildik gertuen dagoen Lasarte-Oriako anbulatorioan, uztailaren 17an hasi eta irailaren 15era arte. Gogoan izan, urtean zehar, Usurbilgo alboko herri horretako osasun-etxean 20:00ak arte eskaintzen dute arreta zerbitzua.

Murrizketok Osasun Sailaren esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun zerbitzuen %40ari eragingo diote udako hilabeteotan. Erabaki hau hartzeko bi argudio aipatu ditu Eusko Jaurlaritzak; batetik, urte garai honetan zerbitzuotan izaten den "eskari txikia" eta langileei atsedenerako tartea ahalbideratu nahi izatea.

Medikuak kentzen
Ordutegi murrizketaz gain, lan taldeak murriztea erabaki du, gaurko mobilizazioan salatu dutenez. Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute. Esaterako, medikuak kentzen ari dira etengabeko lehen arreta zerbitzuen eremuetan, besteak beste, udalerri honetatik gertuen usurbildarrak jo ohi duten Hernanin esaterako.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!