Udalerrietan, bertako aktore polikoentzat, Udal Hauteskundeen kanpaina Frantziako Tourra egitearen parekoa da. Hitzordu gorena da, indar guztiak xahutzen direnekoa. Kanpaina eta bozketa amaitu berritan, korporazioak osatu eta berehala, tokian tokiko aktore politikoek pilatu duten nekea agerikoa da. Uztailean, opor giroan, eginahal berezia egin behar dute euren alderdiak kanpaina berrian murgiltzeko. Txanpa onean denak abantailatxo morala du. Hori dirudi, EH Bildukoen kasuan. Aurkari zuzenen nahia ez da txikia: PSE-EEk EAE mailan irabazi nahi du, EAJ-PNVk bezala. Igande gauean argituko da.
Inguruotan, hedabide handietan egiten da jarraipena. Kalean, interes eskasa antzematen den bitartean. Arretagune bakarra, uztailaren 23ko biharamunak du. Batez ere, Espainiak ager dezakeen argazki berrian. Popularrak nagusituko dira? Ala sozialistak? Ultraeskuindarrak gobernua osatzen ikusiko al ditugu?
Gipuzkoako botoak joera progresista izango du, estatu mailako joeretik urrun samar. Kongresuan eta Senatuan EH Bildu, PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiak dira Gipuzkoan bozkatuenak izateko lehian murgilduko direnak. Eta, ondorioz, hautetsi berri gehienak alderdi horien artetik aterako dira. Ezin aipatu gabe utzi Sumar koalizioa, ordezkari bat lortzeko aukera baitauka. Zailagoa dirudi hori, PPren kasuan.
Estatu mailako hauteskundeak izatean, halere, botoa eskatzen duten alderdien kopurua handitu egiten da. Gipuzkoan, botu-emaileek hamabi aukera politikoen artean erabakitzeko aukera izango dute.
Hauexek dira hamabi alderdiak, erakunde ofizialetan argitaratu diren hurrenkera berdinean:
EH Bildu
Txanpa onean iritsi dira, Udal hauteskundeetan emaitza bikaina eskuratu dutelako. Mertxe Aizpurua Arzallus eta Jon IÒarritu Garcia hautetsi izango direla dirudi, eta, hainbat inkestetan, Maialen Urcelay Azpiazu hirugarren zerrendakideari ere hautesti izateko aukera ematen diote.
PSE-EE
Rafaela Romero Pozo eta Maria Luisa del Pilar Garcia Gurruchaga dira aukera gehien dituzten hautagaiak. Maider Lainez Lazcoz Andoaingo alkate ohia laugarren postuan ageri da.
EAJ-PNV
Maribel Vaquero Montero urnietarraren aldeko apustua egin du alderdiak, eta Joseba Andoni Agirretxea Urresti Kongresuan ari da egun.
PP
Sozialistak presidentziatik kentzeko aukera handiak dituztela dio demoskopiak. Gipuzkoan, izatekotan, Joana Arce Gorostidi litzateke akta eskuratuko lukeen hautagaia.
FRENTE OBRERO
Mikel Mencos Frechilla da Gipuzkoako hautagaia. Alderdi berria da, eta 2022an alderdi politiko bilakatzea erabaki zuten. PML alderdi marxista-leninista aurkitzen da, sorburuan.
PACMA
Asier Esparza Billalabeitia da Gipuzkoako hautagaia. Estatu osoan milaka boto lortzen dituzte, ordezkaritzarik ez.
VOX
Andres Paramio Junquera da Gipuzkoako hautagaia eta euren aldeko pankartak agertu dira eskualdean. Gizarte osoari eragiten dioten hainbat eskubideen aurka jotzen dute.
PCTE
Euskadiko Langileen Alderdi Komunistaren hautagaia Eneko Lanz Llamas da. Honako hauxe euren goiburua: "Botereak bere alderdiak ditu. Zuk PCTE duzu". Espainia mailan Astor Garcia da hautagai nagusia, eta alderdiaren lider argia. Bera izan zen, duela bospasei urte, PCPE alderdia uzteko eta berria sortzeko buruzagietakoa.
Aulki Zuriak
Luis Maria Ormaetxea usurbilgo alkatea izan zen, EArekin, 2003-2007 agintaldian. Hamaikabat alderdiko zinegotzi izan zen, gero. Azken urteotan politika ordezkatzailearen aurka zuzen-zuzen jotzen duen mugimenduaren partaide da. Oraingoan, Gipuzkoako hautagaia da. Euren asmoa: botoa jaso, lor dezaketen ordezkaritza bete gabe uzteko.
PUM+J
Bidezko mundurantz du izena alderdiak, euskaraz. Hautagaia Cristina Elcuaz Arana da. 2004an sortu zen eta jomugan dute pobreziaren aurka ekitea. Hauteskunde prozesu ezberdinetan parte hartu izan dute, ordezkaritzarik lortu gabe.
RECORTES CERO
Ezkerreko hauteskunde-aukeratzat hartzen da. Murrizketen aurkako mugimendu sozial, kultural eta politiko solidariotzat defendatzen dute euren burua. Hautagaia, Gipuzkoan, Jordi Martinez Rigol da.
SUMAR
Maria Pilar Garrido Gutierrez Podemoseko kongresukidea da, egun. Ordezkaritza lortzeko borrokan murgilduta daude. Ez dirudi Podemosen emaitza onenetara iritsiko direnik.