Gizarte gaiekiko kezka berezia erakutsi zuen Larrañaga apaizak

Aiurri 2023ko uzt. 22a, 07:48

Joxean Larrañaga Azkoitiko apaiza meza batean. ©Maxixatzen

Aiztondo bailaran apaiza izan zen garaian, gizarte bizitzan parte hartze aktiboa izan zuen. Besteak beste, Aiurrin iritzigilea zen. Berak aitortu bezala, "kristautasunaren bidetik bakarrik ez hitz egiten saiatu naiz, gai zabalagoak aukeratzen”. Eta, halaxe, gizarte gaiekiko kezka berezia agertu zuen. Bidezko merkataritza, etorkinen auzia, auzolanaren kultura... lagintxo bat berreskuratu dugu

Auzolana, boluntariotza lana

2005

Aspalditik ezagutzen du gure herriaren historiak 'auzolanaren" ohitura. Auzolana baserriko hainbat lanekin lotuta zihoan ohitura zen, baita auzo nahiz herri guztiarekin zerikusirik zeukan lanekin lotuta ere: bideak garbitu, bideak egin.... Auzoaren aldeko lanen bat eskaintzen zuen auzokide bakoitzak denon onerako.

Dohainik emandako zerbitzu bat elkartearentzat. Hona hemen bizia uiertzekomodu bat, balore bat esango nuke. Auzolana bukatzean, merienda, legea ere izaten zen, normalean elkarkidetasun giroan jarraitzeko.

Egun daukagun gizarte antolakuntza dela eta, erakunde ofizialak hainbat lan bere gain hartu dituela eta (azpiegiturak, Auzolana, boluntaritza lana errepideak, bideak...), auzolana ulertzeko modua aldatu egin da. Auzoaren ordez, batzuek, mundua ere hartzen dute eta gaur ikus ditzakegu dohainik eskainitako lanarekin, herrialde behartsuetan proiektuak garatzen ari diren hainbat GKE edo ONG, e.a.

Badaude oraindik patrimonio kulturala nahiz artistikoa berreskuratzeko antolatzen diren auzolandegiak ere. Normalean gazteei zuzenduta.

Boluntaritzak, gizartearen alde, elkartearen alde dohainik egindako lanak, musu truk egindakoak, satisfazio puntu bat ematen digu, beti ere. Guri eman zaizkigun dohainak besteen zerbitzura jartzeak, gizakoiago bihurtzen gaitu. Ez da aspaldi honetan gehien baloratzen dena, beharbada.

Hainbat "aurrerapenek" asialdia luzeago izatea, denbora libre gehiago izatea ekarri digute. Denbora libre hori bete ahal izateko ere, industria berria sortu da: aisialdiko industria. Honek denbora pasatzeko" hainbat produktu asmatu ditu. Informatikak, Internetek edo, Elektronikak ekarri dituzte hainbat jolas, komunikatzeko tresnak, e.a. Hauek aisialdia "kontsumitzeko" era berezia ekarri digute. Bakarkako jolasak dira edo bakarka denbora pasatzeko sistemak.

Bizimodu honek ez ote gaitu elkarkidetza, elkarren arteko, lagun arteko giro hori galtzera eramaten? Ez ote da gazteen boluntaritza gutxitu arrazoi honengatik? Ez al da indibidualismoa bultzatzen horrelako tresna eta jolasteko erarekin? Norbera bihurtu da munduaren erdigune eta besteez kezkatzea zailagoa da. Eskatu eta jaso egiten dugu, dena ematen zaigu eta ez dugu ematen. Ematekorik ezer ez dugula pentsatzera ere irits gaitezke.

Auzolana, boluntaritza lana beste espiritu batean oinarrituta dago. Elkarren artean egindako lana, ekintza estimatuagoa da, hobeto zaintzen dugu eta denok disfruta dezakegu. Gizakiak duen harremanetarako gaitasuna ere hobeto lantzen da eta elkarkidetza garatzeko aukera ere ematen digu.

Garrantzia handia du haurren heziketan "jolas kooperatiboak" erakustea, elkarren artean egin beharreko jolasak eta ez beti konpetitiboak, lehiakorrak.

Elkarren artean lortutakoak ere satisfazio handia ematen du, elkarte sena lantzen du eta elkar onartzen ere erakusten digu. Ez ote dugu elkar onartzen lagunduko digun heziketa bultzatu behar?. Ez ote da lehiakorregia gure gizartea? Politikan, lanean, kirolean..?

Hala ere, badira hainbat eta hainbat pertsona besteen alde lan egiten dutenak, besteez kezkatzen direnak. Hainbat eta hainbat, boluntario behartsuen alde lan egiten dutenak denbora luzean hartutako konpromisoan. Estadistikek diotenez boluntaritza kopurua igo egin da azkeneko urte hauetan.

Perfila honako hau izango litzake: Emakumea, Unibertsitate ikasketak dituena, 18-30 urte bitartekoa. Beste talde garrantzitsu bat, etxeko andreena da.

Seme-alabak hazita eta etxetik joan direnean, besteengatik zerbait egiten jarraitu nahi dutenak. Eta azkenik, pre-jubilatuak edo jubilatu gazteak.

Etorkinak gure artean

2005

Gero eta nabarmenago da gure artean urrutiko herrialdetatik etorritako jendea. Gero eta jende desberdinagoa ikus daiteke Euskal Herriko hirietako eta herrietako kaleetan, kontinente desberdinetakoak: Europa Ekialdea, Afrika, Hego Amerika, Asia...

Oso aspaldikoa da emigrazioa gure munduan. Biblian aurki dezakegu fenomeno horren berri. Hainbat eta hainbat herri batetik bestera ibiltzen zen bizimoduaren bila. Abereen elikadura eta uraren bila ibili behar izaten zuten.

Euskaldunok ere badakigu zer den herria utzi eta urrutira lan bila joan beharizatea. XX. mendearen hasieran asko izan ziren Ameriketara, Ipar Europara, Frantziara... bizimodu eroso baten bila joan zirenak. Bizitzeko "kalitatearen" bila, orain esaten dugun bezala. Eta ez ziren herrialde pobreetara joan, normala den bezala. Garai hartan aberatsak ziren herrialdeetara joan ziren: Argentina, Txile, Mexiko, Estatu Batuak, Brasil, Kanada.... Eta batzuk ederki aberastu ziren.

Orain guri tokatzen zaigu ondo bizitzea, eroso bizitzea eta horrela ikusten gaituzte herrialde pobreetan. Gureari begira bizi dira, gurea dute amets. Ez ote da normala ? Ba dakigu al beraien herrietan nola bizi diren? Nola biziko dira "patera" batean sartzeko ausardia baldin badute?

Hori dena horrela izanda, kezkak eta galderak sortarazten dizkigute etorkinek. Errezeloa ere bai, askotan:

  • Inbaditu egiten gaituzte.
  • Paperik ez badute, gaizkileak izango ote dira?
  • Lana kenduko ote digute?

Baina ondo pentsatuta, ez al dira gu bezalako pertsonak? Ez ote dituzte guk dauzkagun eskubide berdinak? Ez ote dute bere bizimodua bilatzeko eskubiderik? Zergatik etorri behar dute gurera?

Arazo handi bat isladatzen du etorkinen presentziak guregan. Munduan dagoen desberdintasunaren arazoa.

Ondasunak batzuen eskuetan daude eta ez dira ondo banatzen. Horregatik ez duena, duenaren tokira joaten da bidezkoa den bezala. Ondasunak unibertsalak dira eta gizakientzat premiazko diren gauzekin espekulazioa egitea ez da zuzena, ez da morala.

Batzuetan Elizako gizonek ere, Espainiako Gotzainen Konferentziak hain zuzen ere, ez dakit zenbateraino hartzen duten gogoan aipatu zUzentasun eza.

"Inmoralagoa" iruditzen zaie homosexualen ezkontzaren legea onartzea munduan dagoen zuzentasun eza baino. Inoiz antolatu ote dute manifestaziorik pateren eskandalua salatzeko edota munduan dagoen desoreka ekonomikoa salatzeko?

 

Mundu hobea ote da?

2007

Bagara munduan bizi dugun egoerarekin oso konforme bizi ez garenak. Nahiz eta guri ezer falta ez, denetarik baitugu, besteei begira ez gaude

gustura, munduko biztanle gehienek bizitzeko behar adina ez dutelako. Munduan denontzat nahiko aukera izan da: jatekoa, janztekoa, osasuna, heziketa, informazioa.., bakarka batzuen eskuetan dago dena.

Mundu globalizatu honetan aberastasuna, merkataritza, bakarka batzuen eskuetan dago. Merkataritza aberastasunaren iturri ikaragarria dugu, baina bere atzetik milioika pertsona behartsu uzten ditu. Beraz, horrek herrialde aberatsen eta pobreen arteko alde ikaragarria sortzen du. Onartu ezinezko aldea. Askotan lehengaiak herrialde pobreetan daude, baina herrialde aberatsen eskuetan. Horiek huskeri batean erosi eta gero landutako ekoizpena ikaragarri garesti saltzen dio lehengaia sortu duen herrialdeari. Horrela nekez altxatuko dute burua eta beti herrialde aberatsen menpean bizitzera zigortuak egongo dira.

Arazo potoloa planteatzen ari naizela esango didazue eta, egia esan behar bada, horrela da. Nola aldatuko dugu guk horrelako arazo handia?

Badago, ordea, egin ditzakegun gauza txiki batzuk; horien artean Bidezko Merkataritza sustatzea.

Zer da bidezko merkataritza?

Bidezko Merkataritza ohiko merkataritzaren aurrean alternatiba bat da. Irizpide ekonomiko soilen aurrean bestelako balore etikoak ere kontuan hartzen ditu, gizarte eta inguruko esparruak lotuz. Iparra eta Hegoaren arteko harreman bidegabekoak apurtzeko pauso gisa planteatzen da.

Lurralde behartsuetako nekazari eta ekoizle txikiei beren lanetik duintasunez bizitzeko aukera ematen die.

Hegoaldeko laborari edo artisauen kooperatibak dira, tokian tokiko merkatuaren eta produkzio-kostuen arabera prezioak finkatzen dituztenak, eta etekinak, gizarte proiektuetan inbertitzeaz arduratzen direnak. Adibidez, ohiko merkataritzan, kafearen salneurriaren %10jasotzen du ekoizleak eta bidezko merkataritzan %42a.

Bidezko Merkataritza, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko ia zuzeneko harremanean oinarritzen da, bitartekari gehienak ezabatuz, eta ekoizleari bizimodu hobea izan dezan salneurri hobea ordainduz.

Horrela, berdintasunean oinarritutako merkataritza harremanak sortu eta gureganako menpekotasunik gabe bizitzen eta garatzen laguntzen diegu hegoaldeko herrialdeei.

Era berean, Bidezko Merkataritzaren bidez sentsibilizazio lana egin dezakegu: nazioarteko merkataritza salatu, erosten ditugun produktuen jatorria eta produkzio baldintzaz informatu, arduraz kontsumitzearen aldeko lana.... Beraz, nahiz eta gauza handirik ez izan, zertxobait egin genezake mundu hau aldatzeko. Gure esku dago erosketa arduratsuak egitea.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!