Larunbat honetan, hitzordu berria goi mailako txirrindularitzarekin

Aiurri 2023ko uzt. 27a, 07:32

Goi mailako txirrindularitza eskualdeko errepideetatik igaroko da, uztailean bigarren aldiz. Tourra eta gero, bertan da Donostiako Klasikoa. Ibilbidea ere klasikoa da, azken urteotakoaren bidea errepikatuz. Alkizako gaina igaro ondoren eta Jaizkibeleko bidean, Aduna aldetik Urnietarantz igaroko da tropela. Bertan izango da Mikel Iturria urnietarra.

2023ko Donostiako Klasikoa lasterketaren ibilbideak "kilometro gehiago eta berriz ere oso amaiera gogorra izango du. Klasikoaren lehen zatiak Gipuzkoako kostalde osoa zeharkatuko du, eta nagusiki laua izango da. Toki bikaina da eguneko ihesaldia egiteko. Lasterketaren bigarren zatian igoerak iritsiko dira, hain zuzen ere Alkiza (3. kat.), Jaizkibel (2. kat.) eta Erlaitzera (1. kat.)". Beraz, ziurrenik, ihesean doan taldetxoa igaroko da eskualdetik.

13:00-13:30 artean, bertako errepideetan barrena

Aurreikusitako abiadura azkarrena kontutan hartuz gero, 13:00ak aldera Asteasutik igaroko dira, eta handik Elbarrena, Aduna, Andoain eta Urnieta zeharkatuko dute. Tourraren etapako ibilbide beretsua izango du Klasikoak, ibilbidearen hainbat zatitan.

Adi, trafiko seinaleei

Andoainen, esaterako, trafikoa etengo dute errepide nagusietan. 12:40tan hasita trafikoa moztuko dute Karrika, Aita Larramendi kalea, Zumea, Kaleberria, Kale Nagusia Goikoplaza eta Kaletxikin.

Maila handiko izarrak, tropelean

Aurten, munduko txapelketa abuztuan izango da Glasgow hirian. Horrexegatik, maila handiko proba aurreikusten da. Sasoiko direnen artean, Izagirre, Bilbao, Aranburu eta Landa bertan izango dira. Mikel Iturria urnietarra ere tropelean ikusiko dugu. Eta haiekin batera maila handiko txirrindulari gehiago: Evenepoel, Alaphilippe, Powless, Rodríguez, Yates, Gallopin, Ayuso...

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!