Iribarren bi abestiekin igoko da Konstituzio plazako oholtzara. Hain zuzen, antzinako euskal melodien eta erritmo latinoen arteko harremana ikertuz sortu zuen Aldapeko Basque Latin Jazz proiektuko bi abesti interpretatuko ditu txistulariekin; Soka dantza eta Molinatxo.
Andoaingo Axeri Dantzako dantzariek oporretarako denbora askorik ezin izan dute hartu udan. Goiburu auzoan igaro diren San Esteban jaietan, bertako SEGA elkartekoen aurkako desafioa jokatu behar izan zuten, eta oraingoan berriz, Donostiatik egindako bigarren desafio horri heldu diote, gogotsu eta ilusioz. Larunbateko kontzertuan barrena, bi saio egingo dituzte; dantza herrikoi horretako sei joko interpretatuko dituzte, Izaskun Beraza kapitain dutela. Hain zuzen, lehenbiziko zatian, Aitarena, Zortzikoa eta Orratzakoa egingo dute. Bigarrengoan, berriz, Txingoa, Perratzea eta Dorrea.
Axeri dantzariekin batera, Jon Ander Belamendia bakarreko txistulari gisa ariko da.
Beste zenbait gonbidatu, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariak, Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri eta Modus Operandi taldeetako abeslaria eta Haritz Ezeiza txistulari konposatzailea izango dira. Azken honek, solteko dantzak, hots, Aduna (fandangoa) eta Arano (arin-arina) eramango ditu kontzertura, Lezoko Zubitxo taldeko dantzarien laguntzarekin. Aduna eta Aranon jaiotako gurasoen omenez konposatua du pieza Haritz Ezeiza Zabalak.
Kontzertua Jose Inazio Ansorenak zuzenduko du, 20:30ean hasiko da, eta ETBk saio guztia grabatuko du; datorren larunbatean, abuztuaren 19an emitituko duela iragarri du.