Horiek daukate gorriaren altxorra

Andoni Urbistondo 2023ko abu. 25a, 09:00

Jumbo Vismak sekulako talde itzela ekarriko du Vueltara, bi taldeburu sendorekin: Roglic eta Vingegaard; Evenepoel eta Ayuso dira, haiei tronua lapurtzeko hautagaietako batzuk.

Badatoz iraileko azterketak. Ekainean egin gabe utzitako etxeko lanei buelta emateko azken aukera, denboraldia modu txukunean bukatzen saiatzeko. Giroa lehenengoa delako, arrisku gehitxo, eta Tourra sakratua, urteroko kontua da Vueltak parte hartze distiratsua erakartzen duela. Joera agerikoa da, eta inor ez litzateke harritu behar, dagoeneko, oso lehiaketa erakargarria delako. Tronpatzeko beldurrik gabe, urteko onenetakoa.

Aurtengoa ere halatsu izatea espero da, Bartzelonako abiapuntuan elkartuko den izar konstelazioa oso distiratsua izanen delako. Egin kontu, bestela, zerrenda dotore honi: Remco Evenepoel, Primoz Roglic, Jonas Vingegaard, Geraint Thomas, Alexander Vlasov, Juan Ayuso, Enric Mas, Richard Carapaz… Izango ez direnen artean izen bat nabarmendu behar da beste guztien gainetik: Tadej Pogacar. Esloveniarrak bukatutzat eman du, dagoeneko, oso betea eta arrakastatsua izan den sasoia. Yates anaiak ere ez dira lehiatuko, eta Carlos Rodriguez espainiarra ere ez. 

Eta nor da, bada, Vuelta irabazteko hautagai sendoena? Jumbo Visma taldea. Esango duzue; baina talde batek ez du Vuelta irabazten, ziklista batek baizik! Ba bai, arrazoi, baina Vuelta irabazteko faborito nagusiak talde berean daudenean, nola erabaki zein den faboritoago? Berez Primoz Roglic-ek behar luke pribilegio hori. Giroa modu ikusgarrian irabazi zuen maiatzean, eta bere denboraldia gaindiezina da, ikaragarria: Tirreno-Adriatiko eta Kataluniako Volta irabazi zituen aurrena, Giroa ondoren, eta Burgosko itzulia pasa den astean. Bere laugarren Vuelta irabaz dezake, eta esloveniarrak iaz itzulia bukatzeko lau egun geratzen zirela jasandako erorketaren  ordainekoa hartu nahiko du. Onenetakoa da mendian gora, eta onenetakoa erlojupekoan. Bi txirrindularik bakarrik gaindi dezakete, diziplina bakoitzean: Vingegaard-ek bietan: maldan gora eta erlojupekoan; Evenepoel-ek, aldiz, bakarkako lanean baino ez.

Vingegaard Roglic-en taldekidea da, eta Tourra irabazita bere urteko helburuak sobera lortuta dator Vueltara. Gauzak normal Roglic laguntzera etorri beharko luke, Vingegaard-ek bere lehen Tourra, iazkoa, Roglic-i esker irabazi zuelako neurri batean, Granongo etapan, Galibierren gora Pogacar ernegarazi ostean. Apustu etxeek danimarkarra jotzen dute faborito, dena den, Roglic-en aurretik, eta zalantza bere horretan mantendu beharko da errepideak erantzuna eman arte.

Evenepoel da jarduneko garailea. Giroa covid gaixotasunak jota utzi zuen, ofizialki. Itzuli handietara bideratu nahi dute, eta Tourra irabazteko hautagaia izan behar duela saldu eta saldu ari dira. Ba al da? Ez. Gauzak diren bezala, Vingegaard eta Pogacar-engandik distantzia handira dago Evenepoel. Eta Roglic-engandik ere bai. Esloveniarrak lau itzuli handi irabazi ditu, eskarmentu latza du, eta Evenepoel-ekin izan duen dema bakarra, iaz, argitu gabe geratu zen. Evenepoel oso nagusi da bakarkako erlojupekoan, baina Jumbo Visma Soudal baino hobea taldekakoan. Eta mendian gora Roglic Evenepoel baino dezentez hobea. Datuek hori diote. 

Bizitzarik ba al da, hirukote horren alboan? Egon beharko luke. Hiruretako norbaitek kale egiten badu, prest egongo dira Juan Ayuso, hirugarren iaz, Vlasov, bosgarren iazko Tourrean, G Thomas, txapeldunorde Giroan, Enric Mas, bitan bigarren, edota Richard Carapaz ekuadortarra, itxuraz justu samar iritsiko dena fisikoki Tourreko lehen etapan hartu zuen muturrekoaren ostean. Hitzak hitz, eta errepidea errepide, iritziei indarra eman edo kentzeko!!!

Ibilbide gaiztoa

Azken hamarkadako joerari eutsiz, Espainiako Vueltak ibilbide gogorra prestatu du aurtengo ekitaldirako, erabat desorekatua erlojupekoa eta mendiaren artean. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten: bederatzi etapa bukatuko dira mendatean, eta beste pare bat borrokarako aproposak dira. Trukean, erlojupekoan 40 kilometro pasatxo baino ez, eta horietatik herena, Vueltako lehen etapan, Bartzelonan jokatuko den taldekako erlojupekoan. Bakarkako erlojupekoak 25.8 kilometro izango ditu, eta Valladoliden korrituko da, 10. etapan.

Igotzaileak, beraz, pozarren ekingo diote urteko azken itzuli handiari. Haientzat ere, ordea, bada arduratzeko arrazoirik, gainean bukatzen diren bederatzi etapa menditsu horietatik bi Vueltako lehen astean daudelako, eta ziur aski etapa gogorrenak izan bide direnak, Pirinioetako biak, bigarren astean. Pirinioetako bigarren etapa, eta bigarren asteko azken etapa Euskal Herrian korrituko dira. Belaguan bukatuko da bietan lehena, eta Iruñean hasi eta Lekunberrin bukatu bigarrena. Azken astean seitik lau etapa benetan gaiztoak dira, Asturias menditsuan barrena. Batez ere 17. eta 18. etapak, Angliru ezaguna eta Cruz de Linares mendateekin. Adi Espainiako hiriburura iritsi bezperako etapan, Segovia eta Madrilgo mendi aldean. Mendate mitikoak igo gabe, 200 kilometroko etapa bihurri eta gaiztoa prestatu dute, atsedenik ez duena ia-ia.

3. etapan hasiko da festa, oso azkar. Andorrara iritsiko da tropela, Arinsal eski estaziora, hain zuzen ere. Aurrez Ordino mendatea igoko dute, biak lehen mailako aldapak. Abuztuko azken egunean, ostegunez iritsiko da bigarren bukaera gainean, Teruelgo Javalambre Behatoki astronomikoan. Mendate bakarreko etapa da, baina azken mendatea gogorra da: 11 km. %8ko batez besteko maldarekin. Lehen astea Alacant eta Murtzia aldean bukatuko da, Xorret del Cati malkarra larunbatez, bigarren mailako Cruz de Caravaca igandean. 

Euskal Herrian barrena bigarren astean

Bigarren astea are gogorragoa izango da, eta gauzak normal, lehena baino interesgarriagoa, Valladolid-eko erlojupekoarekin hasiko delako. Biharamunean Soriako Laguna Negra igoko dute, mendate bakarreko beste etapa bat, eta handik Pirinioetara. Irailaren 8 eta 9ko etapak dira Vueltako gogorrenak. Bietan gogorrena zein, zehaztea zaila. Ostiralean Formigalen hasiko da etapa, eta Portalet pasa ondoren, Biarnon barrena Aubisque igoko dute aurrena, Spandelles ondoren eta Tourmalet mitikoa azkena. Maila bereziko bi mendate eta lehen mailako beste bat. Izatekotan, handicap bakarra du etapak: 134 kilometro bakarrik ditu. 

Larunbatekoa Euskal Herrian sartuko da bete-betean, Zuberoa eta Nafarroan hain zuzen ere. Biarnoko Salbaterran hasiko da, eta Izarbeko malkarra pasata sartuko da Santa Graziko lurretan Garateko lepoan barrena. Handik Larrainera egingo dute, Üthürzaeta mamutzarra gainditzeko. Iturzaeta Pirinio guztietako mendate gogorrenetakoa da, gogorrena ez bada, eta gutxitan pasatzen dutelako, gozamen izanen da ziklistak han igitaien pare ikustea. Nafarroara sartuta, Laza lepoa pasako dute, Uztarroze eta Izaba, Erronkari bailaran, eta handik Belaguara, etapa Ferial ipar eskiko gunean bukatzeko. Oso etapa gogorra da, eta aurrekoaren neke pilaketak diferentzi handiak egin ditzake, erabakigarriak. 

Bigarren astea Euskal Herrian korrituko den bigarren etaparekin bukatuko da: Iruñea-Lekunberri. Izarbeibar, Deierri eta Lizarraldea bailarak zeharkatu ondoren Lizarraga mendatea gaindituko du tropelak, Sakanara jaitsi. Zuarrarrate mendatea bitan igoko da, Madotz aldetik, etapa Lekunberrin bukatu aurretik. Zuarrarrate ez da mendate tentea, baina pankartatik helmugara zazpi kilometro bakarrik daude, eta urduritasuna sor daiteke tropel nagusian. 

Hirugarren astean Asturiasko mendiek bereganatuko dute arreta guztia. Hiru etapa bukaera mendateetan, eta horietako bat Angliru ezagunean, ziklistek batere gustuko ez duten malkarra, bizikleta gainean irauteko larri ibiltzen baitira sarri. Bejes gainean bukatuko da etapa Angliruren bezperan, eta Cruz de Linares ezezagunean biharamunean. Ez da pakerik izango, Asturias atzean utzi ondoren, Madril eta Segoviako lurretan etapa berezia antolatu baitute. 200 kilometro, 4.000 metroko desnibel metatua, baina hirugarren mailako mendateez josia, 10 denera: aldapa laburrak, baina atsedenik ez, ia-ia. Madrilgo bakea ondo irabaziko dute hara iristen direnek, irailaren 17an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!