"Aurrez, lan izugarria egin izanagatik heldu zaizkigu sariak"

Xabier Lasa 2023ko ira. 10a, 08:12

Zutik Iker Leunda eta Manex Etxeberria; eserita, Ibon Alustiza eta Jon Padilla.

Iker Leunda, Manex Etxeberria, Ibon Alustiza eta Jon Padilla Asian arrakasta handiz aritu den Landarbaso abesbatzako kide dira.

Ibon Alustiza, Jon Padilla eta Iñaki Mendizabal amasa-billabonatarrak eta Manex Etxeberria eta Iker Leunda andoaindarrak, Asian, udan, zenbait garaipen distiratsu eskuratu dituen Landarbaso abesbatzako kantariak dira. Indonesian egindako bira arrakastatsuaz mintzatzeko bildu dira horietako lau.

Iñaki Tolaretxipi zuzendari duen Errenteriako Landarbaso abesbatza, 38 ahotsek osatuta, Asian ibili da kantuan uztailean; horrela, Balin (Indonesia) nazioarte mailako bi txapelketetan parte hartu ostean, poltsiko bete garaipenekin itzuli da Euskal Herrira.

Ibon Alustiza, Manex Etxeberria eta Iker Leunda lehen tenoreak eta Jon Padilla baritonoak azaldu digute bizi izan duten esperientzia.

Hasteko eta behin, zehaztu nahi izan dute iraganetik datorrela Landarbaso abesbatzak Asiako lehiaketekin daukan lotura. Hain zuzen, Errenteriako taldea 2003an hasi zen nazioarteko lehiaketetan parte hartzen, eta ibilbide luze eta emankor horren barnean, 2019an, Baliko (Indonesia) Abesbatzen Nazioarteko Txapelketarako gonbidatua izan zen. “Urte hartan, Abesbatza Mistoko kategorian irabazle suertatu ginen, eta bigarren geratu ginen Sakroa izeneko kategorian. Garaipen horri esker, 2021eko Asiako Abesbatzen Grand Prixen parte hartzeko txartela lortu genuen. Nolanahi ere, pandemia zela medio, Landarbasok ezin izan zuen lehiatu hurrengo edizioan. Aurten etorri zaio txanda, bertan esku hartzeko”.

Zehazki, aurtengo uztailean, bi txapelketetan abestu du Landarbasok. Lehenbizi, Asiako Grand Prix Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan, uztailaren 25ean. Egundoko garaipena lortu zuen bertan, Malaysia, Indonesia, Filipinak eta Singapurreko beste bost abesbatzekin lehiatu ostean. Bost abestiiz osatutako emanaldia eskaini zuen Landarbasok, Balin: Lay A Galard (Robert Lucas de Pearsall), Ametsetan (Javier Busto), Kyrie (Part Uusberg), Atsalums (Jekabs Jancevskis) eta Akerra ikusi degu (Jesus Guridi).

Entzuleen txalo zaparrada jaso zuen emanaldi bikaina egin zuen Landarbasok, eta lehiaketako lehen saria eskuratzeko merezimenduak egin zituen, halaxe erabakita musika adituek osatutako epaimahaikideek. Laukoteak zehaztu duenez, epaimahaiek honako irizpideak hartu zituzten kontuan: afinazioa, soinua, entonazioa, musika kalitatea, abestien benetakotasuna, interpretazio artistikoa, eta, partiturekin zorrotz jokatzea.

Nabarmentzekoa da lehenengo aldia dela Europatik abesbatza batek halako garaipena lortzen duela Balin. Youtuben, ikusgai daude Errenteriako abesbatzak interpretatu zituen bost abestiak, eta horretarako, aski da “asia”, “choral” “grand” “prix”, “landarbaso” eta “2023” idaztea.

Lorpenak, elkarren segidan

Asiako Grand Prix Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan garaipena ospatzeko betarik ez zuten izan, kasik, Landarbasoko kideek. Izan ere, egun hartan bertan hasi eta hurrengo egunetan, Baliko nazioarteko Abesbatzen Txapelketan aritu ziren. Bertan, hiru kategorietan, ezin finago ibili ziren. Hain zuzen, lehen postua eskuratu zuten Folklore eta Mistoen kategorietan, eta bigarrena Sakroa kategorian. Honako kantutegiekin:

  • Mistoa: Lay A Garland (Robert Lucas de Pearsall), Atsalamus (Jekabs jancevskis) eta Akerra ikusi degu (Jesus Guridi).
  • Sakroa: Lauda Sion Salvatorem (Tomas Luis de Victoria), Kyrie (Part Ussberg) eta Sicut Cervus A 4 Coros.
  • Folkorea: Ametsetan (Javier Busto), Aritz Adarrean-Katalin (Julen Ezkurra) eta Ama Begira Zazu (Victor Zubizarreta).

Erein ondoren, uzta jaso

Asiako birari begira, aurreko hilabeteetan, berebiziko prestakuntza fisikoa eta psikologikoa burutu behar izan dutela aitortu dute lauek. “Denetik egin genuen aurretik: ahotsen lanketa teknikoa taldeka zein bakarka, entzunaldi eta kontzertu bereziak… Handia izan da geure buruari jarri diogun presioa, erantzukizuna ez baitzen nolanahikoa. Aurrez lan izugarria egin izanagatik heldu zaizkigu sariak", halaxe mintzatu dira lauak harrotasunez, harrokeriarik gabe.

Dena esatera, emozio handiko uda bizi izan dute kantariek, Indonesiako abenturaz gain, beste zenbait emanaldi berezi egin behar izan baitituzte; besteak beste, ETBn Gabonetarako saio baterako grabazioa eta Musika Hamabostaldian emanaldia.

“Iraila osoan, atsedena hartzeko agindu digu zuzendariak, merezita daukagula-eta. Urritik aurrera, berriro, asteroko entseguei eta noizean behinkako kontzertuen dinamikari heldu beharko diogu”.

Ateak irekitzeko

Landarbaso abesbatzarentzat, Asian egindako azken bira arrakastatsua, alderdi desberdinetatik, ikusita inflexio-puntua izan litekeela iruditzen zaio laukoteari. Batetik, maila pertsonalean, taldeko abeslari guztientzat abesten gogotsu jarraitzeko akuilagarri izango delako. Bestalde, abesbatzarentzat ere onuragarria izango da guztiz: fama hazten zaio Euskal Herrian zein nazioarte mailan, baliteke bere emanaldiak zein erakunde publikoen laguntzak gehitzea.

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 632 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!