22.000 metro karratuko lur azalera da, eta irudiei erreparatuta, abiada bizian doaz eraikuntza lanak. Ez da beste gasolindegi bat gehiago izango. Trafiko pisutsuaren sektorearentzat erakargarri izan nahi duen iragarpena egiten du MLC Energia Andaluziako enpresak: "25 kamioik aldi berean gasolina betetzeko gaitasuna, kamioiak bertan egoteko gune segurua, hotela, jatetxea, gimnasioa, relax gunea, ileapaindegia eta askoz gehiago...". Sei hilabete barru martxan izango dela aurrikusi dute. Trafiko pisutsuaren pausaleku bilakatuko dira, beraz, Andoain-Urnieta.
Twitter sare sozialean, inguruotako erabiltzaileen artean zabaldu zen albistea, aurreko astean. Andoaingo eta Urnietako hainbat lagunek eraikuntzari buruzko iritzia ematen aritu ziren, gehien-gehienek inguruan dagoen gasolindegi kopuru handiaz ohartarazteko. Izan ere, Ergoiengo biribilgunean bertan Shell konpainiako gasolindegia dago. 2018an ireki zituen ateak. Eta askoz zaharragoa ez da, metro gutxira, Andoaingo lurretan aurki daitekeen CEPSA gasolindegia. Eta Andoaingo herrigunera gehiago hurbilduz, Leizotz industrigunean, bada hirugarren gasolindegia. Ez dira gutxi hara depositoa betetzera hurbiltzen diren kamioiak.
Gainerakoan, egitasmo honen gaineko informazioa eskasa izan da. Enpresa bera sare sozialetan iragartzen hasi zen arte, inork gutxik zekien horrelako egitasmorik zetorrenik. Agerikoa da, etorkizun hurbilean, kamioien agerpena handituko dela inguruotan. Trafikoan izango duen eragina antzemango da, ezinbestean. Eta, bestalde, trafiko horrek herri barruan eragingo duena ikusteke dago. Izan ere, Leizotz aldetik Andoaingo herriguneraino iritsi daitekeen tamaina handiko kamioien kopurua areagotzeko arriskua dago. Berez, galerazita dute herrigunean sartzea. Seinaleztapena oso argia da. Baina, esaterako, N1 edo A15 autobideetan trafiko arazoak direnean, tamaina handiko kamioi bat baino gehiago udalerria sartzen hasi eta La Salle etorbidera iritsi orduko, buruhautsea besterik ez dute eragiten. Herri barrua ez baitago kamioien trafikoa jasateko egokitua.