Futbol denboraldia, martxan

Aiurri 2023ko ira. 15a, 13:59

©UKE

2023/2024 denboraldia abiatzear da, Andoaingo eta Urnietako klubentzat. Asteburu honetan eta hurrengoan, federatu mailako talde gehienak asteroko lehian murgilduko dira. Formakuntzan eta kirol-heziketan garrantzi handikoak dira Euskalduna eta UKE.

Irailari ekinda, abian da futbol-denboraldia Urnieta Kirol Elkartearentzat. Hala, denboraldiaurreko prestaketen ostean, lehen neurketak izango dituzte klubeko gorengo taldeek. Besteak beste, Trintxerperen aurka lehiatuko dira gorritxoak, Gorengo Jubenil mailan, igandean, 16:00etan, Trintxerpen (data baieztatzeke dute).  Bide beretik, Gorengo Kadeteek etxean jokatuko dute Aretxabaletaren aurka, larunbat honetan, 16:00etan.

Azkenik, Ostadarren aurka jokatuko du Gorengo Erregionalak, Hernanin, igandean, hilaren 17an, 18:15ean. Erronka exijentea du begien aurrean, izan ere, joan den denboraldiaren amaieran igoera eskuratuta, bide berriari hasiera emango dio, kategoria altuago batean. Entrenatzailearen ahotan, sailkapenaren erdialdean gelditzea du xede taldeak, “ekipoa sendotzeko eta belaunaldi aldaketa modu ordenatuan egiteko”. Pablo de Torresek gidatuko du taldea berriro ere, urnietar harrobiaren aldeko apustua eginez. Alboan izango ditu Aratz Urdangarin eta Javi Pastor. 

Euskalduna

Andoaingo klubeko hainbat talde ere lehian murgilduko dira, larunbat honetan.

  • Ohorezko jubenil mailako taldeak debuta egingo du Ordizian, 17:30ean.
  • Gorengo Erregional mailan Euskaldunak Bergara B hartuko du Ubitarten, 18:30ean hasita.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!