Txiki surf eta body board topaketa egingo da Zarautzen, igandean

Aiurri 2023ko ira. 23a, 16:47

Paula Baco andoaindarra ekitaldiko zuzendaria eta surf skate tailerreko monitorea da. Zarautzen egingo den topaketari buruz hitz egin du. Igandean izango da, informazio gehiago gsf.topaketa@gmail.com.

Zertan oinarritzen txiki surf eta body board topaketa?

14 urtera arte gazteek ezin dute surf txapelketetan parte hartu, beraz, topaketak aukera ematen die txikienei txapelketa batek nola funtzionatzen duen jakiteko; hau da, epaileen jarduna, puntuaketa eta modalitateak, beste batzuen artean. Horrez gain, elkar ezagutzeko eta kirolari buruz gehiago jakiteko festa moduko bat dela esan genezake. 

Egitarauan ikus daiteke surf skate tailerrako arduraduna zarela...

Bai, hala da. 10 nesken monitore izango naiz eta YowSurf marka euskalduna babesle izango dugunez, materiala utziko digu. Bertan, surf skatea zer den eta nola moldatu erakutsiko diet. Ea tailerrak neska gazte gehiago animatzen laguntzeko balio duen; izan ere, azken hamar urtetan emakumezkoen surfak eta skateak izugarrizko bilakaera eduki du. Ni surfean hasi nintzenean neska bakarretakoa nintzen eta, egun, berriz, askoz ere gehiago gara. 

Zarautzen egingo da topaketa. Ohikoagoa al da gurpil gaineko modalitateak kostan praktikatzea?

Bai. Azken finean, surfa eta skatea eskutik doazen bi kirol dira. Zarautzen kasuan, surf elkartearen ondoan skate parkea dago, beraz, bata uretan dagoen bitartean bestea gurpil gainean egongo da edo alderantziz.

Topaketari helburu bat jarri beharko bazenio, zein izango litzateke?

Helburua probatzea da. Probatu ostean zuk zeuk irabakiko duzu gustuko duzun ala ez. Ez da skate tailer bat soilik, surf inklusiboa ikusteko edo probatzeko aukera egonen da, musikarekin girotutako gunean jende ezagutu dezakezu edota besterik gabe ikustera gerturatu zaitezke. Oso polita izango da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!