GHE delako gaixotasun hemorragikoaren lehen kasuak, eskualdeko behietan

Ainhoa Gil / Jon Ander Ubeda 2023ko ira. 27a, 07:24

Behi-haziendari eragiten dion gaixotasuna iritsi berri da eskualdera. Europan, urteak atzera, ez zen ohikoa baina dagoeneko lehen kasuak eskualdera iritsi dira.

Eltxo baten bitartez kutsatzen da ganadua, bereziki, behiena. Antza, ardiei edota ahuntzei ez die eragiten. 

Zer da Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE)?

Elika fundazioan aurkitu dugu definizioa:

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) gaixotasun biriko infekziosoa da, baina ez da kutsakorra. Reoviridae familiako Orbivirus generoko ARN birus batek eragiten du. Culicoides generoko bektoreek transmititzen dute, eta, batik bat, etxe‑hausnarkariei eta hausnarkari basatiei eragiten die. Gaixotasun horrek larriki eragiten die oreinei, eta adarzabalei eta orkatzei ere eragin ahal die.

Nahitaez aitortu beharreko animalia gaixotasuna da eta EZ die pertsonei eragiten.

Behi-aziendaren koadro klinikoak klinika moderatua du: sukarra, anorexia, aurpegiko edema (batez ere konjuntiboa), begiko eta/edo sudurreko deskarga, listu-jarioa, disnea, eritema edo muturraren ezkata kentzea, herrena eta errapearen eritema. Ardi-aziendak infekzioa jasan dezake, baina gutxi gaixotasun klinikoa, eta ahuntz-aziendak oso gutxi.

Abere-talde batean transmisio-bidea zeharkakoa da, bektore biologikoen, Culicoides generoko eltxoen ziztaden bidez. Egiaztatzeko, laborategiko diagnostikoa egin behar da.

Gaixotasuna prebenitzeko, bektorea kontrolatu behar da (intsektizidak, uxagarriak…), eta badira eremu kaltetuenetan hausnarkari basatiei eta etxe-hausnarkariei jartzen zaizkien txertoak. Hala ere, Europar Batasunean ez dago baimendutako txertorik.

GHE Ipar Amerikan, Afrikan, Asian eta Australian aurki dezakegu. Duela gutxi, lehen aldiz, fokuan antzeman dira Europan.

Zer egin honen aurrean?

Prebentzio-metodo bakarra eltxoaren aurkako borroka da. Egun hauetan ganaduzaleen artean honako aholkuazabaldu da: "Ezinbestekoa da azienda guztiei deltametrinaz edo zipermetrinez egindako produktuak ahalik eta azkarren aplikatzea. Baita animaliak garraiatzeko ibilgailuetan beste produktu desintsektatzaile batzuk ere. Gainera, garrantzitsua da ahalik eta arreta handiena jartzea antzeko edozein sintoma agertzeari, lehenbailehen jakinarazteko eta tratamendu sintomatikoa hasteko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!