Abiatzear da Hernaniko III. Liburu eta Disko Azoka

Aiurri 2023ko ira. 29a, 09:36

Iturria: Hernaniko kronika

Hirugarrenez, Liburu  Azoka egingo du Dobera elkarteak, Hernanin, bihar. Aurten, gainera, zenbait berrikuntza izango dira, besteak beste, liburuak ez ezik, musikari ere tartea egingo zaio hitzorduan. Hala, aurrerantzean, Liburu eta Disko Azoka izango da. 

Beste zazpi elkarterekin elkarlanean, Doinuele egitasmoa ipini dute martxan antolatzaileek, euskal musikagintza eta literatura sustatzeko asmoz. "Azokari esker", azaldu du Doberak, "euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskainiko dugu beste behin".

Era berean, oraingo honetan, "inoiz baino postu gehiago" izango direla jakinarazi du antolakuntzak, hain justu ere, hamazazpi: Dobera Euskara Elkartea, Alberdania, Gaitzerdi Estudioa eta Zapotxin, Susa literatura (Estrata Liburuak SL), Katakrak (1978 Kooperatiba SCIS), Txalaparta, HERRIMA Argitalpenak, Harriet Edciones, Hernani Errotzen, ARGIA, Hernaniko musikariak (Bitartean, Hego haizea, Arbasoak, Rio Zukan, Ainara Ortega, Incansables), Pamiela argitaletxeak, 1545 Argitaletxea, Elkar, Erein, Igela, Kantaita Enea. 

Horrez gain, postuetan, egileekin egoteko aukera izango dute herritarrek, baita askotariko ekitaldiz gozatzeko ere, adin eta gustu guztiei begira. Haurrek ere izango dute zer gozatua, beraiei espreski zuzendutako txokoa egongo delako, hitzorduak iraun bitartean. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!