"Zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, baldintza kaskarretan"

Xabier Lasa 2023ko ira. 29a, 09:56

Asuncion klinikako langileek 22 greba-egun burutu dituzte, maiatzaz geroztik. Hurrengo biak, irailaren 28-29rako deitu dituzte. Kotxe-karabana egingo dute eskualdean hilaren 28an, eta 29an Gasteizko legebiltzarrera eramango dute protesta.

Lan baldintzak hobetzea eskatzen dutela adierazi dute langile-batzordeko lau ordezkarik (Marian Etxeberria, Silvia Gonsalves, Aitziber Sagredo eta Beatriz Mendia). Gogoratu behar da klinika pribatu-kontzertatua dela Asuncion, eta Gipuzkoan Tolosaldea eskualde-ospitalerik ez duen bakarra izanik, Eusko Jaurlaritzarekin egindako hitzarmenaren bitartez, eskualdeko ospitalearen osasun zerbitzua eskaintzen duela. 27 udalerriri, 65.000 biztanleei. Jesus Gomez Montoya buru duen Inviza S.A. enpresa da Asuncion klinikaren jabea.

Nola doa greba-sorta?

Beatriz Mendia: Ekonomikoki eta animikoki, sakrifizio handia da hainbeste egunetako greben dinamikari eustea. Baina tinko jarraitzen dugu geure jarrerarekin, uste baitugu arrazoia dugula eta justiziazko aldarrikapenak egiten ditugula.

Zenbat langilek osatzen duzue Asuncion klinika?

Marian Etxeberria: Izaskungo klinika eta Belate eta Andoaingo zentroak kontuan hartuta, 300 bat langile izango gara. Ez da ahaztu behar medikuek ez dutela protestetan parte hartzen, beren hitzarmen propioak baitauzkate.

Asuncioneko erabiltzaileak nola ari dira erreakzionatzen zuen protesten eta lan uzteen aurrean?

Silvia Gonsalves: Ulerkorrak dira, eta pittin bat informatzen direnek animoak ematen dizkigute. Erabiltzaile batzuk gutuna uzten ari dira zuzendaritzan, langileen eskakizunekin bat datozela adierazteko. Nolanahi ere, esan daiteke klinikako erabiltzaileak apenas nabaritzen ari direla greba, zerbitzua normaltasunez jasotzen ari baitira. Izan ere, langile askok ezinezkoa dute grebarekin bat egitea nahiz eta hala nahi izan, gehiegizkoak baitira lan delegaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak!

Urteko zenbait alditan, abuztuan-eta, langile gutxiago aritu izan dira lanean, greba egunetan baino. Esate batera, lau langile aritzen diren gela batean soilik batek egin dezake lan uztea; hortaz, greba egun horretan, beste hiruek laugarrenaren eginbeharrak bete beharko dituzte.

Baldintza horiek direla eta, ohartzen ari gara, penaz, gure egoerak eta aldarrikapenek ez daukatela behar beste oihartzun gizartean.

Zeintzuk dira zuen eskakizunak?

B.M.: Lan-baldintzekin dute zerikusia: soldata, lan-orduen kopurua, lan-karga... Azken batean, eskualdeko ospitale publikoen antzerako zerbitzuak eskaintzen ditugu (Osakidetzatik datoz Asuncionek jasotzen dituen pazienteen % 90-95a), baina lan-baldintzak ez dira inolaz ez antzekoak.

S.G.: Klinikako nagusiak etengabe azpimarratzen du eskualdeko erreferentziazko klinika dela Asuncion. Bada, ideia horri eutsita, Osakidetzako beste eskualdeetako langile publikoen lan baldintzekin alderatzen bagara, bada, aldea, okerrerako, nabarmen-nabarmena da.

M.E.: 2021etik berritu gabe daukagu lan-hitzarmena, eta bien bitartean, % 12,2koa da galdu dugun eros ahalmena. KPIa erreferentziatzat hartuko duen soldata igoera eta 35 orduko lan astea jaso beharko lituzke hitzarmen berriak. Egun, Osakidetzako langileen oinarrizko soldata berdintsua eduki arren, ez dauzkagu haiek dauzkaten osagarriak, eta horiek ezartzen dute haien eta gure arteko aldea, handia dena.

Lan-karga aipatzen duzue.

S.G.: Lan-taldeak ahal den gehiena eta ahal den gehienetan murriztea da enpresaren filosofia. Horrek ekartzen du geroz eta langile gutxiagok lan gehiago egin behar izatea, eta, ondorioz, besteak beste, herritarrentzat zerbitzuaren kalitatearen jaistea eta langileoi estresa eta antsietatea sortzea.

B.M.: Azken batean, langileon profesionaltasunarekin eta pazienteekin daukagun konpromisoarekin jokatzen dute. Badakite dena emango dugula aurrean daukagun gaixo horrekin, eta aurrera!

M.E.: Lan baldintza kaskar horiek direla medio, gero eta lankide gehiago Asuncion utzi eta langileen premian dabilen Osakidetzara joaten ari dira. Baita 18 urte bertan zeramatenak ere!

Negoziazioak, nola doaz?

S.G.: Blokeatuta, une honetan. Enpresak ez du borondaterik erakusten, eta soilik % 2 igotzea eskaintzen du, hortik ez da mugitzen. Adierazten digute Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain daudela, harekin daukaten hitzarmena berritzeko eta diru gehiago jasotzeko, eta bien bitartean, ezin digutela ezer gehiago planteatu.

Zuzendaritzatik adierazten zaigu Asuncionek ez daukala irabazirik. Baina ez zaiguna esaten zera da, ogasunarekin zorrak dauzkala, eta horrexegatik ez zaiola komeni irabazirik edukitzea eta horiek aitortzea. Ikuspegi orokor batetik aztertuz gero, ohartzen gara Asuncion Inviza enpresako zati bat dela, eta enpresa horren azken lau urtetako irabaziak ez direla mauka, ia 6 milioi eurokoak!

Asuncion klinika ospitale publikoa % 100ean izatea eskatzen duzue.

B.M.: Halaxe da. Hurbileko eskualdeko ospitale publiko batek ematen dituen zerbitzuak izango dituena, eta klinikan egun lan egiten duten langile guztiak hartuko dituena.

Ez dauka zentzurik zentro berri bat eraikitzea, orain Asuncion martxan egonik. Egin kontu ez dela asko ekin zaiola Asuncioneko instalakuntzen eraberritzeari: hain zuzen, solairuak, larrialdiak, kontsultak eraberritu dira, eta orain falta dira ebakuntza-gelak, bitarteko zaintzako unitatea eta ospitaleratzerik gabeko kirurgia-unitatea. Instituzioek benetan borondate politikoa edukiko balute, hortik jo beharko lukete.

Eskualderako ospital berria iragarri dute erakundeek azken aldian.

M.E.: Ospital publikoaren alde gaude, jakina, baina nahiko kritikoak gara aurkeztu duten Plangintza Integralarekin. Hainbeste urtetan zain egon ostean, haustekundeen testuinguruan egin izanak sortzen dituen zalantzak alde batera utzita, esan behar dugu plangintza horrek ez dituela ohiko ospital publiko baten zerbitzu asko planteatzen; esate batera, ingresua eskatzen duten kirurgia-operazioek Donostiara joan beharko lukete, sukalde eta garbiketa esternalizatu egiten ditu...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!