Asensio ingurumen diputatuaren inputazioaren larritasuna nabarmendu du Ipar Haizea plataformak

Aiurri 2023ko urr. 17a, 15:35

©Noaua

GuraSOSek berri eman duenez, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GKH) lehendakaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun arloko diputatua eta lehen ahaldun nagusi ordea ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik. Gaia gurera ekarrita, inputazioa "larria" dela iritzi dio Julen Begiristain Ipar Haizea plataformako kideak.

Jose Ignacio Asensio ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako delitu bat egin duen edo ez ebazteko. Horrez gain, dokumentuak faltsutu dituen ere ebatzi beharko du epaileak. Nagore Peñalva Bengoa GHK-ko zuzendari teknikoa eta GHK-ko beste bi arduradun ere ikertzen ari dira kasu horren barnean.

Esanak esan, Fiskaltzak berak jarri zuen salaketa, aurretiaz GuraSOSek ekainean emandako dokumentazio bat aztertu ostean. Fiskaltzaren esanetan, "gertakariak ingurumenaren aurkako delituak izan daitezke —zigor kodearen 326.1 artikuluan tipifikatua eta zigortua—". Arestian aipatu bezala, dokumentuen faltsutze delitua ere egon liteke; jardueraren "ezkutatzea" eta hondakinen "kode zein kontzeptua" oker eman ditu ustez, modu kontzientean.

Jose Ignacio Asensio, haserre

Bestalde, Jose Ignacio Asensio GKHko lehendakaria eta diputatua haserre agertu da medioetan: "Ezin dira GuraSOS bezalako taldeak erabili oposizioa egiteko", eta epaitegiaren zein fiskaltzaren jakinarazpenik jaso ez duela azpimarratu du.

Ipar Haizea: "Oso larria da"

Julen Begiristain Ipar Haizea plataformako kideak argi adierazi du inputazioaren larritasuna: "Antza denez, hondakin arriskutsuen kudeaketa okerra egin da eta, gainera, hori estaltzeko dokumentuak faltsutu ote dituenaren susmoak daude. Hori horrela balitz, oso larria da. Oso gai garrantzitsua da, Andoaini eta Urnietari zuzenki eragiten diona". Begiristainen esanetan, erraustegiak arazoak besterik ez ditu sortu azken urteetan. Horrez gain, erretzen den hondakinen gehiengoa berziklagarria dela azpimarratu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!