Atzegik kanpaina berria abiarazi du, "Gu lanerako prest gaude, eta Gipuzkoa?" izenburupean

Aiurri 2023ko urr. 26a, 20:05

Udazkenarekin batera iritsi ohi da Atzegiren sentsibilizazio kanpaina. 'Ni prest nago, eta Gipuzkoa?' leloaren bitartez, adimen desgaitasuna duten pertsonek plaza publikoak eskuratzeko duten eskubidea nabarmendu nahi dute. Legea eskuetan, enplegu publikoko plazen %2a kolektibo honentzat gordeta egon beharko luke.

Bideoa Noaua.eus-ena da, bart arratsaldeko aurkezpenn-ekitaldian jasotako irudiekin eta adierazpenekin.

Atzegiren kanpaina

 

"Gizartearen gehiengoak ez daki legez enplegu publikoko plazen %2a adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta egon beharko liratekeela"

Gaur egun oraindik ezezaguna da jende askorentzat, eta oraindik ere gutxiago dira deialdiak egokitzeko ahalegina egiten duten erakundeak. Hala ere, nabarmendu nahi da azken urteotan gauzak aldatzen ari direla eta administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen ari direla. Beraz, bultzada aprobetxatu nahi da, eta beste administrazio batzuk animatu urrats bera ematera: "Atzegi prest dago arlo horretan aurrerapausoa eman nahi duen edozein administraziori laguntzeko eta aholkuak emateko. Oso garrantzitsua da ingurune arruntean laneratzeko aukerak zabaltzen jarraitzea. Enplegu publikoko plaza bat lortzea aukera paregabea da gainera haien lanerako gaitasuna gizartean ikusarazteko. Eskubidea benetako errealitate bihurtzea nahi bada, ezinbestekoa da prozesu osoa kolektiboarentzat pentsatuta eta diseinatuta egotea.

Horrela lortuko da urte batzuk barru ohikoa izatea adimen desgaitasun duten pertsonak administrazioan lanean ikustea. 

Aurtengo kanpainaren protagonisten adibidearekin, Atzegik erakutsi nahi du adimen desgaitasuna duten pertsonak “prest daudela”. Gehienek ilusio handiz egiten diete aurre ikasketei, eta plaza gutxi daudela eta aukerak mugatuak direla jakin arren, ez dute amore ematen. Horregatik da hain garrantzitsua Gipuzkoa ere prest egotea eta gero eta aukera gehiago izatea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!