Hamarkada bete, euskara ereiten

Aiurri 2023ko aza. 2a, 17:35

Errigoraren bueltako hamar ekintzaile, Hernaniko Oronaren egoitzan. ©Errigora

Hamar urte igaro dira nafar hegoaldeko uzta euskarari ematen hasi zenetik Errigora. Hala, urteurren borobilean, kanpaina berezia egin du euskararen aldeko ekimenak, "atzera begirada luzatu eta komunitatearen argazki erraldoia berrosatzeko asmoa duena".

Hemen da udazkena, ate joka, eta, horrenbestez, badator Errigoraren eskaintza borobila. "10 urte bete-bete" lelopean, "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpaina jarri berri du martxan ekimenak. Hala, urtero legez, askotariko jakiez osatutako saskiak prestatu dituzte, eta Euskal Herri osora luzatu dute deia, horien eskaera egiteko, azaroaren 9ra bitarte.

Etxeko produktuak, etxekoen eskutik

Besteak beste, Aristu Upategiko makina bat produktuk ontzen dute saskia, Errigora Balioa zigiluarekin: tokian tokiko lehengaiez ekoiztuak eta auzolanean nahiz euskararen bueltan landuak. Hamarkada batean familia nola biderkatu den ikusi du Ibon Ollo upategiko ekoizleak: "Bost ekoizlerekin hasi ginen eta 23 kideko taldea osatzen dugu orain. Gainera, konpromiso konpartituak hartzeko eta Errigora Balioak baratzeratzeko pausuak eman ditugu."

Lurra, hizkuntzaren arnas

Denboran atzera salto egiteko parada eman dio Ibai Sueskun Agerraldia-ko kideari hamargarren urteurrenak, eta ukezina da, haren begietan, ekimenak Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari egindako "ezinbesteko" ekarpena. Sueskunek adierazi bezala, 1.800.000 euroren ekarpena egitea lortu da Ikastolen eta AEKren "biziraupena bermatzeko" eta hezkuntza-sare publikoan D ereduari ateak zabaltzeko: "Horrez gain, zonaldeko ekimen euskaltzaleen dispertsioak, zulo beltz batek bezala, ahalegin guztiak irentsi ez ditzan, Agerreko euskaltzaleen indarrak batu eta bideratuko dituen tresna erditu dugu: Agerraldia". 

Hari horri tiraka, euskararen komunitatea osatu eta indartu delakoan da Natxi Aranburu Errigorako presidentea. "Bete-bete sentiarazten gaitu Errigorak, parte garen izateak", dio ekimenaren buruak, "komunitatea betetzen (emozionatzen) duten balioak direlako". Haren iritziz, batetik, zubi-lana egin du Errigorak, askoratiko pertsona, lurralde eta ideien artean. Bestetik, hitzetik ekintzetara egin du jauzi, eta Aranburuk  dioenez, "horretan topatu dute sinesgarritasuna". Azkenik, euskal hizktun komunitatea ahalduntzeko tresna izan delakoan da Aranburu, "txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna" dagoela nabarmendu baita, bidean. 

Hori horrela, argazki bete-betea berrosatzeko deia egin du Errigorako presidenteak: "Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Inoizko beteena izango da".

Non eskuratu saskia?

Azaroaren 9ra (azken hori barne) luzatuko da eskaerak egiteko epea, aurtengo udazkeneko kanpainan. Antolatzaileen esanetan, erosoena eskaera online egitea da. Non jaso saskiak, baina? Honatx, etxetik gertu zenbait puntu: Aduna, Andoain (Aita Larramendi eta AEK), Amasa- Villabona (Zubimusu ikastetxea eta Gaztetxea), Asteasu, Larraul eta Zizurkil (HerriBIZIgune).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!