Palestinari elkartasuna adierazteko elkarteratzea egin dute Amasa-Villabonan eta Zizurkilen

Irune Alfonso 2023ko aza. 7a, 20:23

Gernika-Palestina deialdi herritarrak deitutako mobilizatzeko egunarekin bat egin du Amasa-Villabonak eta baita Zizurkilek ere. 

Amasa-Villabonako komunikatua: 

Aste hauetan Palestinan bizi den indarkeriak eragiten duen izugarrikeriaren erdian, antsietatea, ezintasuna, amorrua eta tristura bideratzen lagunduko diguten ekimenak bilatzen ditugu. Mundu osoan zehar elkartasuna mobilizatzen ari da. Gaur, Euskal Herriko ehunka herritan elkartu gara, Gernikaren errautsetatik loratu zen herria, bere transbertsalitate eta aniztasun zabalean. Euskal Herriko gehiengo soziala, sindikala eta politikoa bildu gara adostasunean. Hori da gure balorea. Hemen bildu gara honakoa esateko: bat/ Gazan Israel egiten ari den genozidioarekin amaitu behar da berehala eta gatazka honi konponbide justu eta demokratikoa eman behar zaio. Ezein erasok ez du justifikatzen Israel Palestinako herriari aplikatzen ari zaion zigor kolektiboa. Bi/ Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritu behar da konponbidea. Hiru/ Okupazioari amaiera eman eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatu behar da. Justiziarik gabe ezin da bakerik egon. Sortu den indarkeria-zikloa, israeldarren eta palestinarren arteko arazoa modu baketsuan konpontzeko hamarkadetako aukera asegabeen eta egin gabekoen emaitza tragikoa da. Erabat onartezina da Israel GKE ezberdinei eta nazioarteko erakundeei azaltzen ari zaien mespretxua eta harrokeria. Era berean, nazioarteko eragileak ezin dira genozidio honen konplize izan. Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna da bakea babestea, negoziaziorako eta elkarrizketarako baldintza mesedegarriak sortzea eta gatazkaren sugarrak ez haizatzea. Munduko liderrek bakerako deia egin behar dute eta ez mendekurako deia. Genozidio honekin bukatzeko beren esku dagoen guztia egin dezaten interpelatzen ditugu. Uste dugu 75 urtez luzatu den gatazka honetan bakea lortzeko modu bakarra Palestinako herriak giza eskubideen, duintasunaren eta nazio eskubideen alde dituen bidezko nahiak betetzea dela. Nork bere esparrutik elkartasunerako eta konpobiderako deia egiten segitzea ezinbestekoa da. Sarraski hau gelditzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio guztiak beharrezkoak dira. Euskal Herrian, 2023ko azaroaren 7an

 


Zizurkilgo argazkia: EH bildu

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!