Podcastak gehiengo dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien finalisten artean

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 8a, 10:54

Kazetaritza saria eta Komunikazio saria ataletako launa finalista aukeratu ditu epaimahaiak. Gaurkoan, haien berri eman dute. Azaroaren 29an izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen, eta aurtengo saridunak nortzuk diren orduantxe jakinaraziko dute.

Kazetaritza saria

BIDEAK podcasta

NAIZ irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutakoa.

Bizi ditugun garai konbultsoetan, indarrean den dramarik latzenetako bati heldu dio Naiz Irratiaren eta Mediabask-eko BIDEAK podcastak: migrazioaren eta errefuxiatuen gaiari. Bidasoako pasabideari helduta, askotariko ahotsak bildu dituzte lan honetan, hasi puntako ordezkari instituzionaletatik, gaian aritu eta aditu direnen testigantzak ere bai, (Mikel Mazkiaran edo Iker Barbero zuzenbidean adituak), eragileetatik pasa (Irungo Harrera sarea, Lapurdiko sostengu sarea...), eta noski, drama hau azalean bizi duten pertsonenganaino: podcastaren benetako protagonista diren migratzaileetaraino (Nadege, Amadou, Abdou, Adama...). Bistan da landa lan handia dagoela atzetik, ahalegin aparteko bat auziari prisma bilketa handia azaltzeaz gain, saiakera ikusten da momentuko soinuak ere biltzeko; esaterako, Irunen zelatan egoten diren boluntario sareko gautxoriekin ere izan dira. Migratzaile zenbaiten konfiantza guztietatik begiratzeko. Datu lortzea ere lortu dute; hala, gure lurraldeetara iritsi aurretik jasan behar izan dituzten askotariko pasadizoak kontatu dituzte lehen pertsonan. 7 atalak arin entzuten dira, gai mardula izanagatik ere. Testigantza batzuk barruraino heltzen dira, bere gordinean azaltzen direlako. Gaiak ez du besterik merezi.

Zelan sentitzen zara?

GEURIA komunikabidearen ale berezia

Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkariak 2023ko ekainean argitaratutako ale monografikoa da

Zelan sentitzen zara? Emozioen eta sentimenduen gaiari psikologiaren, medikuntzaren, kirolaren, kulturaren, heriotzaren, gazteen, adinekoen eta abarren begiradatik heltzen diote, eskualdeko pertsonen (aditu nahiz herritarren) eskutik, eta kazetaritzako hamaika genero uztartuz. Aldizkariaren sarreran dioten moduan, “egia da gaia ez dela eskualdera mugatzen: gai orokorra da, eta edozein hedabidek ere publikatu zezakeen. Gurea ez da eskualde isolatua eta bertako herritarrok ere sentimenduak eta emozioak ditugu, nola ez. Orain arte erakutsi ez dena azaleratzen saiatu gara ale berezi honetan eskualdeko herritarrekin”. Azpimarratzekoa da ahalegin horren ausardia, bertako herritarren aurpegia jarrita gaia lantzeko gaitasuna eta emaitzaren kalitatea. Tokiko prentsak tokian tokiko gai konkretuak lantzeaz harago, kazetaritzari eta herritarrei egin diezaiekeen ekarpenaren adibide aipagarria da aldizkariaren ale monografiko hau.

KINKA podcasta

BERRIA

Aldaketa klimatikoa aztergai

2022ko urriko lehen egunetan hasi ginen Berriako Kinka podcasta entzuten, Interesgarria, biziki, Nagore Arin eta Olatz gaituen aldaketa klimatikoaren gaia: “Kinka” larrian gaudela errepikatzen digute, hamabostean behin, oren erdi bateko saioan hiztegia arakatuz, erreportajeren bat eginez, gurbilkiago edo gutxiago kontsumituz bizitzeko aholkuak emanez eta finitzeko gaiari lotua den kantu bat eskainiz. Sarrerako sintonian, Greta Thunberg entzuten da emankizunaren LA ematen, eta dinamikoki doa azkeneraino. Gaiak dorpeak izan arren badu halako arintasun bat, ez bide dutelako kolapsologo askoren gisara, katastrofistegiak agertu nahi. Baina den-denak aipatzen dira sakon eta ahoan bilorik gabe. Gainera, euskal ekologismoa zertan den ere azaltzen dute, ekologiaren tematika sozializatuz eta jendearen hizpidera ekarriz.
   

Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera

Dantzan.eus

Xabier Itzainaren kronika sorta

Xabier Itzainak dantzan.eus webgunerako idatzi dituen kronikek irakurlea gatibatzen dute. Antropologo itsasuarrak urte bete pasatu du Mexikon bere familiarekin. Hamalau artikulu luze eta bizi oparitzen dizkio irakurleari, eta lortzen du irakurle hori bertan balitz bezala sentiaraztea. Berak dioenez, ez dira ikerketak, baizik eta lekukotasun soilak. Dantza moldea, ohiturak eta jantziak egiazki politikoak direla erakusten digu, bereziki garrantzitsuak direlako autoktonoen kulturak bermatzeko. Argazki, afixa, margo lanez ilustraturik hainbat elizabesta eta herri kulturaren adierazgarri diren ospakizunak biziarazten dizkigu, aldi oro dantzen eta karrikaldien errituala zehaztuz. Coyoacan auzoan, Oaxacan, Guadalajaran edo Chiapaseko eskualdeetan ikusiak partekatzen ditu, narko-telesailek ematen diguten Mexikoren beste ikuspegi bat eskainiz.

Komunikazio saria     

LORE HOSTOAK podcasta

EITB Podkast

Musika eta kalaka uztartzen ditu Lore Hostoak podcast-ak, EiTB-ren eskutik

Ekain Perezek gidatzen duen musika- elkarrizketa saioa da, astiz eta patxadaz entzutekoa, denboraren mugarriaren zamarik gabe (ordu bat eta bi ordu bitarteko 60 saiotik gora daude entzungai, une honetan). Euskal musikari beterano eta gazte andana bat (Niko Etxart, Olaia Inziarte, Eneritz Furyak...) ezagutzeko parada ematen du saio goxo eta aberats horrek. Balio du jakiteko zein diren musikari horien inspirazio iturriak, gustuko kantuak eta gogoetak. Bide horretan, musikari horiek beren bizitza, ibilbidea eta pentsamendua kontatzen dizkigute. Halaber, entzutera ematen dizkiguten kantuak beste testuinguru batean ulertzeko parada eskaintzen du saioak. Kantutik kantura konpainia onean eramaten gaituzte aurkezleak eta gonbidatuak. Hori guztia, hostoz hosto.    

#10garrena podcasta

EITB Podkast

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aitzakian EITBk ondutako podcasta

Egileek irudimenari hegan utzi zioten, egungo bertsolaritza goitik beheiti irauliko luketen final ezohikoak proposatzeko. Zer gertatuko litzateke finalista guzti-guztiak emakumezkoak balira? Eta 'El Juego del Calamar' ospetsuan bezalaxe, txapelduna saioaren hondarrean bizirik gelditzen den azkena balitz? Nolakoa litzateke finala gaztelaniari atea irekiko liokeen bertsolaritzan? Edota bertsotan publizitatea eta esponsorrak onartuko lituzkeena? Egoera itxuraz ezinezko horiek guztiak eta beste batzuk gehiago, are txundigarriagoak, ageri dira zortzi kapituluko sail honetan. Ekoizpen zainduak, ahots ezagunen partaidetzak eta gidoiari darizkion ironiak eta umoreak gozatua ekarri zieten joan den urteko udazkenean bertsozalearen eta hain bertsozale ez den euskaldunaren belarriei, euskarazko podcastgintzaren osasunaren lekuko.    

MUAK ET

Webseriea

Tik-tok formatuko bideo laburrak

Jokin Etxeberri eta bere bideogile lagunek friki talde bat osatzen dutela ezin uka. 2018az geroztik ari dira tik-tok formatuko bideo laburrak egiten eta plazaratzen serie ezberdinekin. Lehena Eko-gudariena izan zen, eta gaur RAKS sariketa honen karietara aipatzen duguna ET seriea da. Gordean diren gaiak azaleratzeko hasi ziren lanean, ironia eta irri egiteko gogo pixka batekin. Aurten, Kanalduden ikusi den sail honetan, euskal emazte berezi batzuen potretak eskaini dizkigute: Camille Chopin argazkilaria, Amaia Castorene kozinaria, Ziomara Hormatexe eta Izarne Oyartzabal dantzariak edo Ixa Rodriguez boxeolaria, besteak beste. Bizpahiru minutuko saioak dira, zaintsuki muntatuak eta rap musika batekin bukatzen direnak. Bestelako euskal sorkuntza mundu baten dasta ematen digute eta hori eskertzekoa da. Originaltasunik bederen ez dute eskas.    
   

HARPA JOTZEN

EITB Podkast

Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenaren eskutik

Hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua, euren espektakuluetan Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak aspalditik jorratzen dituzten gaiak dira. Eta 2023.eko otsailetik, POZKASTA sortzen dute euren ahotsekin. Pozkasta- Podcasta, hitz jokoak berak, hasieratik esaten digu HARPA JOTZEN ironiaz beterik datorrela. EITB podkast atarian agertzen zaigun umorezko kanala da. Gidariak, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena dira, aurrez ere harpa-jole profesional ezagun direnak. Herriz herri beren ikuskizunen bidez erakutsi duten bezala, umorea banatu nahi dute lau haizetara. Horregatik sortu dute podcasta edo eta hobe esan, pozcasta eurek izendatu nahiago duten bezala. Aurki dituzu, Idoia eta Mirari, harpa-jotzera hurbildu dituzten elkarrizketatuak alboan dituztela, aldarterik onenean. Entzumenari lekua eginez, euskal ironia estilo propioa sortu duten bi emakume artisten proposamena da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!