"Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da"

Aiurri 2023ko aza. 24a, 08:37

Erakunde guztiek modu koordinatuan lan egin dute kanpaina gauzatzeko. IREKIA

Pornografiak eragiten duen kalteaz ohartarazteko kanpaina abiatu dute hiru foru aldundiek, EUDELek eta Emakundek. Esparru horretan azpimarra jartze berebizikoa dela uste dute

Azaroaren 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean kanpaina bakarra izango da Euskadin. Kanpaina zehatza da, goiburutik hasita: "Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da". Adierazpen horren adierazgarri zenbait datu eskaini zituzten kanpainaren aurkezpen-ekitaldian:

  • Eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du.
  • Pornoarekin lehen kontaktua izateko batez besteko adina 12 urtekoa da.
  • Nerabeen % 33,4k uste du pornoak eragin handia duela beren sexu-harremanetan.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburuak nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela erakunde guztiek modu koordinatuan lan egitea gizarteari mezu bakar bat helarazteko. Aurtengo ekimenari dagokionez, bere hitzetan, pornografia "indarkeriaren eskola bihurtzen ari da, harremanetan egin behar dutenari buruzko jarraibideen liburu moduko bat. Pornografia imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatzen diren. Gehien kontsumitzen den pornoaren bidez, maskulinitate bortitza eta menderatzailea indartzen da, eta feminitate atsegina, kosifikatua, beti gizonezkoen gozamenaren eskura dagoena".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Nerea Isasi Berdintasun zuzendariak azaldu duenez, azpimarra jartzea oso garrantzitsua da indarkeria matxista ematen den eremu berri horietan: “Ingurune digitalean hedatu eta iraunarazi egiten dira mendekotasun-egoerak, indarkeria matxistaren dinamika berriak sortuz”.

Esther Apraiz EUDELeko presidenteak azaldu zuen euskal udalei zuzendutako Azaroaren 25eko Adierazpena kanpainarekin bat datorrela: "EUDELek mekanismo guztiak aktibatzea proposatzen du, emakumeek beraien desioak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adierazteko aukera izan dezaten, genero-estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!