KORRIKA

Korrika-AEK kultur sorkuntza beka jaso zuen "Badon*" ikuskizunaren estreinaldia

Intza Trula - TOKIKOM 2023ko aza. 24a, 07:00

Badon* proiektuak jaso zuen 2022ko maiatzean Korrika-AEK kultur sorkuntza beka. Aurre-estreinaldia larunbat honetan izango da, Azpeitiko Soreasun. Ondoren, Euskal Herrian barrena eskainiko dute

 

Korrika-AEK kultur sorkuntza beka "aitortza" bat da Ines Osinaga proiektuaren sustzatzaile eta aktoreetako baten iritziz: "Duela bi urte hasi ginen Badon*-en ideiari bueltaka, eta bekak erakutsi zigun ideia zoro hark bazeukala bere balioa", adierazi du Osinagak.

Ikuskizunaren sorkuntzak bi zati izan ditu; bata, espekulazio fasea, eta, bestea, prototipazio fasea. Euskal Herriko sortzaile ugari bildu ziren lehen fase horretan; Xanti Agirrezabala Badon*-eko antzezlea da horietako bat: "Bakoitzak zituen ideiak partekatu genituen elkartu ginenean, eta gero, hortik ateratako ondorioekin prototipazio fasera igaro ginen". Jarraian, ikuskizuna taularatzeko prozesuari ekin zioten. Hiru egonaldi egin dituzte, guztira, prozesuan zehar: Borderline fabrikan (Hendaia, Lapurdi), Uharteko Zentroan (Nafarroa) eta Azala sormen gunean (Lasierra, Araba).

"Opera garaikidea da Badon*, etorkizun utopiko baten sorrerari buruzko gogoetak sustatzea" helburu duena, Agirrezabalaren esanetan. Bost zati nagusi ditu operak: unibertsoaren sorrera eta kosmosa, landareen erreinua, animalien erreinua, gizakien mundua eta mundu espirituala. Hain zuzen, antzerki tradizional batek dituen ezaugarri horiekin "apurtu" nahi izan dutela dio Agirrezabalak: "Zentzumenak erabilita, bidaia bat proposatzen saiatu gara".

Apirila bitarte, taulagainean

Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia da Badon*, eta 2024ko apirilera arte jardungo dute proiektua hainbat herritan taularatzen. Agirrezabalak aitortu du aurrestreinaldirako "irrikaz" daudela, eta jendearen iritzia jakiteko gogoa ere agertu du. Osinagak, berriz, zera dio: "Badon* fantasia bat da, erditze bat, eztanda bat; Badon*-en denok gara garrantzitsuak, bakar batek ezin baitu ezer egin".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!