Indarkeria matxistak eraildako biktimak hartu ditu gogoan Aiztondoko Mugimendu Feministak

Irune Alfonso 2023ko aza. 25a, 13:22

2023.urtean Indarkeria matxistak Euskal Herrian lau emakume eta haur bat erail ditu eta Aiztondoko Mugimendu Feministak gogora ekarri ditu. Ondoren, Zizurkilgo Irradaka dantzatu dute bertaratutako emakumeek. 

Tolosaldeko mugimendu feministako kideok mobilizazioak deitu ditugu azaroaren 25erako, emakumeok jasaten dugun indarkeria amaitu behar dela agi eta ozen esateko.

Aurten ere indarkeria matxistaren ondorioak beldurgarriak izan dira. Euskal Herrian lau emakume eta haur bat erail dituzte, eta haserre, nazkatuta eta amorratuta gaude. Gure babesa helarazi nahi diegu haurraren senitartekoei eta eraildako emakumeei. Zuen ondoan izango gaituzue beti.

Gogorarazi nahi dugu erailketa hauek indarkeria matxistaren ondorio larrienak direla, baina indarkeria horrek askotariko ertzak dituela, eta emakumeok, transok eta bollerok egunero jasaten dugula indarkeria matxista lantokietan, kalean, eskolan edota gure kuadrilletan. Indarkeria hau ez da kasualitatez gertatzen, eta ezinbestekoa da sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista eusteko, indarkeria honek balio baitu askotariko desberdinkeria eta zapalkuntza egoerak sortzeko.

Horregatik, instituzioei dei egiten diegu erantzukizunak har ditzaten, eta indarkeria matxista agenda politikoaren lehen lerroan jar dezaten. Ez digute ezertarako balio argazkiek, edota baliabiderik gabeko neurri eta proposamenek. Nazkatuta gaude instituzioek mugimendu feministaren proposamen eta aldarrikapenak bereganatzeaz eta edukiz husteaz. Horrez gain, gizonak interpelatu nahi ditugu, dagokien erantzukizunak har ditzaten, beren praktikak aldatu ditzaten, eta sistemaren konplizeak izateari utz diezaioten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!