Mahai-ingurua izango da Martin Ugalde kultur parkean, Mendebaldeko Sahararen egungo errealitatera gerturatzeko

Aiurri 2023ko aza. 27a, 11:53

Iturria: Martin Ugalde kultur parkea

Mende erdiko gatazka-ibilbidean, Mendebaldeko Saharako egungo errealitatea ezagutzeko mahai-ingurua izango da, bihar, iluntzeko 19:00etan, Martin Ugalde kultur parkean. Era berean, zuzeneko emisioa ere egingo dute, BERRIAko atari digitalean.

Kristina Berasain Tristan kazetaria eta "Sahara, herri bat erresistentzian" liburuaren egilea izango da gidari. Hala, hizlari-lanetan, bidelagun edukiko ditu afera gertutik ezagutzen duten lau kide: Gurutze Irizar exodoaren zein gerraren lekukoa, Fatimetu Zenan erizain nahiz gazte sahararra, Juan Karlos Izagirre medikua zein politikaria eta Juan Mari Arruabarrena arkeologoa. 

Lekukotza panoramikoa

Mendebaldeko Saharaz euskaraz idazten den lehen liburua ondu du Kristina Berasain Tristan kazetariak berriki, "Sahara, herri bat erresistentzian". Hala, bertako errealitatearen bilakaeraren argazkia osatu du idazleak kazetaritza-kronikan, sahararren ahotsetatik tiraka: "Ia hogei urtez bertatik bertara jasotako kontakizunen bilduma bat da, gatazkaren ertz guztiei erreparatzen diena: historia, geopolitika, gerra, giza eskubideen urraketak...". 

Berria, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratzen duten Aleka bildumaren hamahirugarren liburua da. Horrekin batera, diska bat ere sustatu du kazetariak: "Saharari Kantari". Hamabi abestiz osatutako obra da eta Saharako ahots ezagunak entzuteko aukera ematen du: Aziza Brahim eta Ali Seidah. Bestalde, Euskal Herriko musikariek ere parte hartu dute diskan, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Anari, Izaro, Olatz Salvador, Itziar Ituño, Olaia Inziarte eta Pello Reparaz. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!