Lasarte-Orian frankismoko biktimen aldeko oroitarria jarri dute

Xabier Lasa 2023ko aza. 27a, 17:03

Lasarte-Orian, Mirentxu izeneko etxe dotorean, frankismoko biktimen aldeko eskultura jartze ekitaldia egin zuten atzo, eta bertan izan ziren, besteak beste, Andoaingo Kontxi Arratibel eta Begoña Cardoso, herriko zenbait biktima. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai: 

Argazkian, Kontxi Arratibel eta Begoña Cardoso ageri dira, Mailu Arruti Islada Ezkutatuak elkarteko kidearekin, Mirentxu etxean atzo jarri zuten oroitarriaren ondoan.

Lasarte-Orian eta inguruko herrietan memoria historikoa jorratzen duen Islada Ezkutatuak elkarteko Marilu Arrutik, adierazi zuen “frankismoaren basakeria salatu eta Lasarte-Orian basakeria hori jasan zutenak gogora ekartzeko” ipini zuten oroitarria.

Arrutik erantsi zuenez, “Ez da zehatz mehatz jakingo zenbait izango diren basakeria hori sufritu zutenak. Eta are gutxiago haien nahigabeak, irainak edo une garratzak zenbaterainokoak izan ziren. Frankismoa sarraski batetik sortu zen, eta Lasarte-Oriak berea sufritu zuen. Gizon-emakume eta neska mutilek, gosea, zapalkuntza, bortxaketak, hizkuntz jazarpena eta abar jasan behar izan zuten beren bizitza aurrera atera ahal izateko”.

Eskultura jartzeko orduan, zehaztu zuen zergatik hautatu dituzten Mirentxu etxea eta bere jardinak. ”Leku honetatik, “La Comandancia Militar de Lasarte”tik ateratzen ziren agindu guztiak, hala nola, jendea erailtzeko edo atxilotzeko. Horregatik aukeratu dugu leku hau harria jartzeko, bertan gertatutakoa salatzeko eta sufritu zutenenganako oroigarri bat izan dadin”.

Ekitaldian, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak eta Joxe Agustin Muguruza Islada Ezkutatuak elkarteko kideak hartu zuten hitza, eta Joseba Tapiak bi abesti kantatu zituen.

 

Mirentxu etxea, errepresiorako lekua

Mirentxu etxea Urreta Zulaika familia nazionalistaren ondarea zen 1936ko uztailean Errepublikaren kontrako konspiratzaileek kolpe militarra eragin zutenean. Frankistek irailaren 13an okupatu zuten Lasarte (Hernaniko auzoa zen orduan), eta berehala, etxe dotore hori konfiskatu, eta bertan komandantzia militarra ezarri zuten. Lasarte eta Oria auzoetan eta ondoko herrietan zabaldu beharreko hainbat agindu hartu zituzten bertan, militar okupatzaileek eta bertako kolaboratzaile jauntxoek adostuta, “gorri eta separatisten” aurkako errepresioa inposatzeko xedez.

Hamarkadetan aurrera, Urreta Zulaika familiak, epaitegietan egundoko borroka egin ostean, berreskuratu ahal izan zuen etxea. Lasarte-Oria herri gisa 1986an eratu zenenean, bertako udal berriak etxea erosi egin zion familiari. Udaleko gizarte zerbitzuek kudeatzen dute etxea, gaur egun. 

 

Kontxi Arratibel eta Begoña Cardoso

Atzoko ekitaldian parte hartu zuten Arratibelek eta Cardosok ez daukate ahazteko beren familiakoek sufritutakoa, eta haien memoria aldarrikatzen dute egia eta justizia eskatzen duten ekitaldietan. Kontxi Arratibelen familia, Arratibel Zuaznabar, Oria auzoko familia ezkertiarra izan zen Errepublikan, eta bere kideek kartzela, langile batailoietan zigorra eta lan bazterkeria jasan zuten horrexegatik. Hain zuzen, Aitona, berriz, San Cristobaleko presondegian eduki zuten bolada batean. Aita -Inaxio- eta osaba -Joakin- Rosa Luxenburgo batailoian lerratu ziren, eta Bizkaiko frontean egin zieten aurre frankistei. Aipatutako bazterkeria horren eraginez, hain zuzen, familiak Andoainera etorri behar izan zuen, Oria atzean utzita.

Begoña Cardosoren gurasoei, Luis Telesforo Cardoso eta Gabina Alonsori, Zizurkilen bizi zirela harrapatu zien 1936ko kolpe militarrak. Aita Errepublika defendatu zuten boluntarioetako bat izan zen Euzko Indarra batailoian, eta ama, Villabonako errepublikanoen “banderaduna” izan zen, eta frankistek atxilotu eta Lasarteko kartzelan eduki zuten preso bolada batean.

 

Bi liburu, eskualdeko historiaren isla

Islada Ezkutatuak taldeak bi liburu argitaratu ditu azken aldian. Lehenak, Testigantza. Genozidio ezkutatu baten isladak du izenburua, eta 87 pertsonen lekukotzak xehetzen ditu. Lasarte-Oriako herritarri gertatutakoak nahiz Lasarte-Oriarekin nola edo halako harremanen bat duten herritarri gertatutakoak jasotzen dira. Bertan biltzen dira, besteak beste, Begoña Cardoso Alonso, Kontxi Arratibel Buenetxea, Miren Barkaiztegi Iribar, Sofia Iturri Ganboa eta Joxe Mari Lopez Zarraga andoaindarren eta Arantxa Sudupe Karraskedo eta Rafael Barkaiztegi Garmendia urnietarren lekukotzak. El enigma de Txaldatxur da kaleratu duen bigarren liburua. 1936Ko uztaileko kolpe militarraz geroztik, Gipuzkoan eman zen kanpaina militarra deskribatzea du xede, eta batipat, Oria bailaran, Txaldatxur, Buruntza eta Belkoaingo gailurretan eman ziren borrokaldiak. Biak ere deskargatu litezke, PDF formatuan, honako helbidean sartuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!