Beñat Gaztelurrutia Gerediagaren koordinatzaileak ilusioz berba egin du aurkezpenean, eta euskal kulturaren alde elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi du. “Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”. Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Abenduak 6, asteazkena
Aurkezpenean esan bezala, ekintza sorta anitza, aktuala eta gaztea izango da, eta lehen eguna ere horren erakusgarri izango da. Sarrerako ekitaldia eta gero, gunez gune denerik topatuko du kulturazaleak: Oihane Amantegi eta Bernardo Atxagaren aurkezpenak, Gure Zirkuaren dokumentala, nerabeei mugikorra emateko gidaren azalpena, haurrentzako ikuskizunak, Mikel Martinezen bakarrizketa...