"Gure Zirkua" dokumentalaren aurre-estreinaldia Durangoko azokan

Aiurri 2023ko abe. 7a, 09:14

Dokumentalaren aurreneko atala Durangoko Azokako Irudienea gunean izan zen ikusgai, atzokoan. EITBk aurreratu duenez, dokumentala urtarrilaren hasieran ikusgai izango da telebistan.

 

 

Iraitz Lizarraga, aktorea eta sortzailea

TTAP aldizkarian elkarrizketatu du Jon Ander Ubedak. Elkarrizketaren pasartea, honatx:

Ezagun egin zara Gure Zirkuan. Urte gehien egin dituen partaideetakoa izango zara, akaso. Baina, hain justu, denboraldi honetan ez duzu parte hartu, lesio bat tarteko.

Hasiera-hasieratik murgildu nintzen abentura horretan. Bost urte egin ditut, baina seigarren honetan kale egin dut. Eguneroko lanetik ihes egiteko irteera horietako batean bizikletatik erori eta eskumuturra hautsi nuen. Ebakuntza izan dut, tartean, eta denboraldia galdu dut.

Dagoeneko dena esanda dagoen arren, zer esan daiteke Gure Zirkuaz?

Urtero-urtero, denboraldi bakoitzean, zerbait berria proposatzen du, eta uste dut oraindik ere asko duela esateko Gure Zirkuak. Gu harritzeko, ikuslegoa harritzeko gaitasuna du oraindik. Bestela ere nekez ogibidea aterako zukeen hainbat artistak lan finkoa topatu du Gure Zirkuan. Kristorena izan da hori. Iker Galartzak egin duena eskertu nahi dut. Trapezioa, telak, sokak... zirkuko jarduera horietan trebatu naiz, baina hori ogibide bilakatzea ez nuen sekula irudikatu. Aktorea naiz, eta akrobaziak egiten nituen. Eta bat-batean, egitasmoa gorpuztu zen; sendo, gainera. Eta hortik ogibide bat izan dugu neuk eta beste jende askok. Zirkuaren alor ezberdinetan ari zen hainbatentzat aterabide artistikoa izan da.

Zuen jardunean badira mitoak. Akrobatak aipatzen hasita, arriskutsutzat hartzen da zuen jarduna. Defendatu ezazu zure burua.

Oso erraza da. Urte mordoa daramat bederatzi metroko altueran ikuskizunak eskaintzen. Akrobaziak egiten ez dut sekula istripurik izan. Aldiz, bizikleta hartu nuen egun batean, eta eskumuturra hautsi nuen. Horixe, erantzuna. Hain erraza eta sinplea. Kar, kar. Garrantzitsua da segurtasun neurriak ondo betetzea. Zirkuan hartzen dira, eta arriskuaren inguruan kontzientzia handia dago. Geroz eta gehiago. Protokoloak bete behar dira, homologazioa lortu... Egin beharreko zerbait da.

Zuena jarduera fisikoa da, artistikoa. Baina edozein kirol jarduera gehiago sustatzen da. Jarduera fisikoa da, artistikoa.

Zirkua mundu guztiaren esku dagoen jarduera da. Edozeinek ez ditu egingo salto mortalak, baina eskolak ematen ikusten dudanagatik, denok dugu zirkuan aritzeko gaitasuna. Askotariko haurrak etortzen zaizkigu; psikomotrizitatearen aldetik badira iaioak eta baldarxeagoak. Baina denek dute zerbait egiteko gaitasuna.

Zure jarduera guztien artean zirkua aukeratuko zenuke?

Antzerkitik nator; beti egon da hor. Antzerkia aukeratuko nuke. Bada bitxikeria bat. Gure Zirkua sortu aurretik, Ekain Ibarguren malabarista eta zu zeu Pupu eta Lore haur antzerkiko protagonistak izan zineten. Poxpolo eta Konpainia pailazoen emanaldi berezian elkar ezagutu genuen. Makillatzeko aholkuak eman genizkion. Eta gauzak zer diren, gutxira Pupu eta Lore antzezlanean bat egin genuen. Gure Zirkua ia garai bertsuan abiatu zen. Gogoan dut Tolosako zezen plazan egin genuela zirkuaren estreinaldia, eta handik azkar batean abiatu ginen Bilbora Ekain eta biak, Pupu eta Lore antzeztera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!