"Pertsona askoren artean" egindako lanaren emaitza dela aitortu du egileak, gaur goizean, Eibarren egindako prentsa agerraldian. Berrehunka pista zirriborratu eta milaka aldiz entzun eta gero, kantariaren esanetan, “pop-barroko" estiloko kantu batekin egingo dute korri, beraz, milaka eta milaka euskaltzaleek datorren urteko martxoaren 14tik 24ra bitartean: "Letratik abiatu ginen kantu pop bat egiteko", azaldu du Arroitajauregik, "eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituela hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, ados egon garen arte".
“23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute", Ane Elordi Albuquerque lasterketaren koordinatzaile nagusiaren esanetan. Horrela, memoria ariketa egin du Amaia Badiolak artxiboko irudiekin bideoklipa osatzeko: "Bideoklipa, batzuetan, nostalgikoa da, beste batzuetan, polita, eta “punkia” ere izan daiteke".