2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldia

Aiurri 2023ko abe. 15a, 12:19

Badu data datorren Euskaraldiak: 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da. Proposamenak aldaketak ekartzen dituela sinetsita, ariketa efizientetzat dute antolatzaileek Euskaraldia. Hala, hizkuntza-ohituretan eragina izaten jarraitu nahi du laugarren edizioak. Horren gaineko xehetasun guztiak emateko bildu ziren astearen hasieran, Donostiako Tabakaleran, Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

 

Atzera begira jarri zen Urkijo aurkezpen-ekitaldian, ariketak, orain arte, euskararen sustapenean emandako bultzada gogoan hartzeko: “Proposamen berria eta berritzailea izan zen: aurrez zenbait esperientzien oinarria zuen, baina planteatu zen dimentsioetan, ordura arte, inon horrelakorik burutu gabekoa”. Hala, antolatzailearen esanetan, emaitzek erakutsitako eraginkortasunari tira egin diote eta udaberrira aldatu dute datorren edizioko Euskaraldia, sasoi horretan, kalean jende gehiago ibiliko delakoan, egitasmoak irisgarritasun handiagoa edukitze aldera: “Txapa soinean eraman eta ikusgarri egitea errazagoa izango da, ziurrenik, udaberrian”. 

Ondorioak, datuetan

Hirugarren edizioaren ikerketari erreparatuta, besteak beste: parte-hartzaileen artean euskaraz zekitenekin uneoro euskaraz egiten zutenak % 63,9 ziren ariketaren aurretik, eta %78,9 ariketa amaitu ondoren. “Beraz, euskararen erabilera altuagoa da Euskaraldian parte hartu ondoren, aurretik baino”, azpimarratu du Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak: “Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta euskararen biziberritze-prozesuarentzat guztiz lagungarria da ariketa”. 

Era berean, lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik eta % 75,9 ondoren, edo elkarrizketa elebidunetan euskarari eusten ziotenak % 44,6 ziren aurretik eta % 76,6 ondoren. 

Hurrengo edizioan arreta berezia jarri nahi dute antolatzaileek ohitura hauek gizarteratzeko eta errotzen jarraitzeko, Iciarren esanetan, ez baitira egun batetik bestera aldatuko: “Horregatik da garrantzitsua Euskaraldiaren ariketa soziala errepikatzea eta proposamen horiek berritzea, gizarteari urrats horiek egin ditzan berriro planteatzea eta pedagogia sozial indartsua burutzea aldian behin”. 

Halaber, Zupiria sailburuak dioenez, konpromiso zehatzak hartuko dituzten herritarren partaidetza zabala behar du Euskaraldiak. Haren aburuz, “adostasun handia” biltzen du, eta hori da duen indargunerik nagusienetako bat. Esparru askotan ikuspegi desberdinak izan ditzaketen pertsonak edo erakundeak biltzen dira Euskaraldian: “Bateratasun horrek indar biderkatzailea du, eta euskararengandik urrun dagoen asko erakartzeko balio du; horrek ere, hein handi batean, egiten du eraginkor ariketa, indar metaketa, gutxinaka aurrera pausoak ematea, hizkuntza-ohiturak denen laguntzarekin aldatzea”. 

Javier Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak nabarmendu duenez, Euskaraldiaren antolaketan euskararen eremu osoko administrazio-erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta era guztietako hainbat eta hainbat entitate eta elkarte aritzen dira. Euskaraldia “gaitz guztien sendagailua” izan ez arren, ekimenak hausnarketarako zein eztabaidarako aukerak eta aitzakiak ugaltzen dituela uste du zuzendari kudeatzaileak: “Herritarren artean ere, hizkuntzaren gaiak ohikoa baino presentzia handiagoa hartzen du: lorpenez eta zailtasunez, ikusitako aurrerapauso eta inkoherentziez, ilusioez eta kezkez aritzeko”. Horrenbestez, eta, laugarren edizioari begira, lorpen horietan sakontzen jarraituko dutela adierazi dute antolatzaileek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!