“Olentxero” Gobernadore Zibilarentzat susmagarria zenekoa

Xabier Lasa 2023ko abe. 23a, 10:45

Olentzero bizkarrean daramatela, Donostiako euskaltzaleak kantu giroan, 1931n (Iturria: Guregipuzkoa.eus)

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak Donostiako Polizia Komisaldegiak 1949an Olentzerori buruz eginiko txostena argitaratu berri du bere web orrian. Gobernadore zibil frankistari kezka eragiten zioten Olentzerok eta euskal kulturaren berpizteak, “separatismoa” piztu zezaketelako.

Festa galdua zegoela eta 1947 berreskuratu zutela irakur daiteke txostenean.

Egia da 1936ko kolpe militarrak eta ondorengo diktadura bortitzak errepublikanismoa ez ezik euskaltzaletasuna ere errotik suntsitu nahi izan zuela, eta horrek euskal kultura eta euskara desagertzea eragin zuela kasik.

Francisco Sanez de Tejada y Olozaga gobernadoreak (Benasqueko Baroiaren titulua ere bazuen, besteak beste) bere agindupeko poliziei txostena eskatu zien esan bezala, eta horiek “Olentxero”ren inguruko gogoetak idatzi zituzten. Besteak beste, zera zioten: "(…) la celebración de actos folclóricos de carácter vasco con los que se inspiran sentimientos de un agudo regionalismo que abriran, más tarde, las puertas del separatismo".

Euskal kultur adierazpenen eta euskal kultur eragileen inguruko beste zenbait iritzi ere biltzen dira txostenean.

Esan beharra dago 1947an Gobernu zibilak Donostian Olentzero ospatzeko baimena eman, eman zuela. Ezinbesteko baldintza gisa, baina, antolatzaileei exijitu zien kale kantuan abestuko zituzten abestien letrak jakinarazteko; jakina, gaztelaniara itzulita. Hona aurkeztu zituzten abestiak: “Olentzero”, “Artzai buru zuri bi”, “Eguberri , berri” eta “Ator, ator mutil”.

 

Olentzeroren irudi deigarria, Donostian 1931n

Informazio honi erantsita doan argazkia, Donostiako kaleetan bertan 1931ean atera zen, II. Errepublika etorri berritan (Iturria: Guregipuzkoa.eus).

Iruditik, deigarria egiten da Olentzero irudikatzeko erabili zuten figura. Oier Araolaza euskal dantzen eta ohituren ikerlari eibartarrak eman digu jakitera azken urtetan, argazki hori.

Olentzeroren jatorriaren gainean enigma ez da erabat argitu, eta hipotesiak indarrean dira oraindik, eta ikerketa eta artikulu mordoa idatzi izan dituzte ikerlariek azken aldian, ez bakarrik Olentzero hizpide hartuta, Mari Domingiren figura ere kontuan hartuta. Biak ere ikuspegi historikotik, genero ikuspegitik, estetikotik...  Sarean erraz topa daitezke, aztarrika arituz gero.

Donostiako 1931ko argazkiaren haritik, Araolazak esana du historian atzera joanez gero nola ohartzen garen Euskal Herri luze zabalean, han hemen, ez zela hura irudikatzeko modu bakar bat izan, eta Olentzerok ez duela “zertan gizonezkoa izan beharrik”.

Are gehiago, adierazi izan du Olentzero ez zela “pertsonaia umezale, atsegin eta goxoa, baizik eta ia-ia kontrakoa: zakarra, zabarra, mozkortia eta tripontzia; ogro samarra zen, eta umeei beldurra emateko erabiltzen zuten maiz".

Gogoeta hori irakurrita, nori ez zaio etortzen gogora basotik ez baizik eta Disneytik etorritakoak diruditen Bilboko Olentzero eta Mari Domingi?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!