Abenduaren 31ko manifestazio isilerako deia egin dute Aiztondoko udal ordezkariek

Ainhoa Gil 2023ko abe. 27a, 12:47

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udal ordezkariek agerraldia egin dute, abenduaren 31rako deitu duten manifestazio isilerako deialdia egiteko. Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa Joxe Arregi plazatik abiatuko da, 18:30etan

VIllabonako Erreboteko plazan amaituko da Aiztondo bailarako bost herrik antolatutako manifestazioa. Bost herriotako udal ordezkariek agerraldia egin dute gaur Zizurkilen, manifestaziorako deia zabaldu asmoz. 

Egun horretarako prestatutako adierazpena irakurri dute Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak eta Kristina Rodriguez Adunako alkateak. Adierazpenak argi azaltzen ditu azken urteotan presoen eskubideen alde eman diren pausoak, baina baita oraindik pairatzen dituzten oztopoa ere: "Aiztondoko udal ordezkariok tinko salatzen ditugu euskal presoen etxeratzea oztopatzeko aplikatzen ari diren gradu erregresio horiek guztiak. Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik."

"Ahalik eta azkarren euskal presorik gabeko eszenatoki bat lortzeko itxaropena plazaratu nahi dugu, hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena.

Guzti honegatik, Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa- Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalek MANIFESTAZIO ISILA antolatu dugu ABENDUAREN 31n 18:30etan Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik hasita, Villabonako Erreboteko plazaraino".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!