“Hotz handia egingo du hurrengo astean, baina momentuz prezipitazio gutxirekin”

Andoni Urbistondo 2024ko urt. 3a, 22:25

Iker Ibarluzea ibartarrak datorren hotzaldiko aurreikuspena egin du Aiurri-rentzat. Ostiralean hasita, iganderako Adarramendi zurituko duela dio, baina hurrengo astean elurra Urnieta eta Andoaingo kaleetara iritsiko ote den galdetuta, ez da hain ziur mintzatzen.

“Ipar-ekialdeko aire masa oso hotza iritsiko zaigu, -8 eta -10 gradu artean 1.500 metrora, eta balio horiekin elur kota itsas mailan kokatuko da. Momentuz, baina, prezipitazio askorik ez dakarren aire masa dela esan nezake. Gaur-gaurkoz zail ikusten dut kaleraino zuritzea”, dio Ibarluzeak.

Neguaren lehen kolpea izango da, baina meteorologia zaleak urtarrileko bigarren hamabostaldiari begira daude, dagoeneko. Hotzaldi handiren bat ikuste ote du Ibarluzeak? “Mapei begiratuta posible da. Gaur vortex polarra zatitu den eguna izan da, eta horrek gurean hotzaldirik ziurtatzen ez badu, aukera handitzen du. Pieza batzuk daude jokoan, eta pieza horiek guztiek ondo kokatu behar dute. Ikusiko dugu, baina esperantza badaukat, aspaldi ikusi ez dugun bezalako hotzaldi bat izateko”. 

Aurreikuspena 10-15 egun barrurako egin du Ibarrako adituak, gutxi gorabehera, baina elur gose denarentzat hurrengo astea Beterriko mendi zurituekin gozatzeko aproposa izango dela dio: “Hernion geruza potoloa pilatuko da, metro erditik urrun ez, eta Adarramendin ere 20 bat zentimetro pila daitezke goialdean. Astelehenetik aurrera hotza dator, hotz handia. 0 gradutik beherako tenperatura goizetan, eta gradu pare bat, hiru, asko jota, eguneko ordurik beroenetan, eta horrek elurrak mendian luze irautea ekarriko du”. Elur zale bazara, beraz, gozatu!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!