Beterri-Buruntza osoa tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituela ondorioztatu du Etxebizitzaren Euskal Behatokiak

Jon Ander Ubeda 2024ko urt. 9a, 07:36

Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordea eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria, kazetarien aurreko agerraldian | IREKIA

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako diagnostikoak Euskadiko 251 udalerrien artean izendapen hori jaso dezaketen 41 identifikatu ditu. Tartean dira Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Lazkao, Urnieta eta Usurbil.

Tentsio handiko eremu izendatu litezkeen eremuak identifikatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bidez, azterlana egin du. Honako irizpideetako bat bete behar da, derrigorrez:

  • Izendapena egin aurreko bost urteetan, erosketa edo alokairu-prezioa Euskadiko KPIren hazkunde metatua baino %3 puntu igo bada gutxienez. Eustaten arabera, % 14koa da igoera.
  • Hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko kargak, aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearenean, gehi oinarrizko gastu eta hornidurek (argindarra, gasa, gasolioa edo bestelako hornidura energetikoak, ura, telekomunikazio-zerbitzuak eta komunitateko ekarpenak) batez besteko diru-sarreren edo familien batez besteko errentaren % 30 gainditzen badute. Irizpide hori betetzen den edo ez aztertzeko, Eustaten eta Alokairu Merkatuaren Estatistikako (AME) emaitza berrienak aztertu dira.

Izendapena Eusko Jaurlaritzak egingo du udalak eskatuta, udalak erabaki hori hartzen badu. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko da prozedura hasi dela, eta ondoren sailburuaren agindu bidez emango da ebazpena, eta Etxebizitza Ministerioari jakinaraziko zaio.

Tentsio handiko eremu izendatzearen ondorioak

Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak abenduan eskaini zituzten xehetasunak, prentsa agerraldian: “Arauak ez du inposatzen, gaitu egiten du, eta, beraz, tentsio handiko eremu izendatzea ez da obligazio bat, baizik eta erabili nahi duten udalerriei ematen zaien aukera bat, salbuespenezko eta denboran mugatutako mekanismo bat". 

Eremu bat tentsio handiko eremu izendatzeak honakoa dakar, EJren oharraren arabera:

  • Kontratua amaitzen zaien errentarientzat: errentariak urtean aparteko luzapena izateko aukera kontratua amaitu ondoren, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Urteko luzapenak, eta gehienez hiru.
  • Errentari berrientzat: alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren errentara mugatzen da, urteko eguneratze-klausula bat ezarrita. Modu horretan gehieneko igoera gehigarri batzuk ahalbidetzen dira legez ezarritako kasuetan.
  • Azken bost urteetan alokatu gabe egon den etxebizitza baten errentarientzat: prezioak ezingo du gainditu erreferentziako prezioen indizeen sistemari jarraituz aplikatzekoa den gehieneko muga.
  • Edukitzaile handientzat: hamar etxebizitza dituztenak izatetik tentsio handiko eremu izendatutako eremu berean bizitegi-erabilerako hiri-lurreko bost ondasun higiezin edo gehiago dituztenak pasatzeko aukera izango da, justifikazio-memoriak hala adierazten badu. Etxebizitza edukitzaile handi batena bada, prezioak ezingo du gainditu erreferentziako prezioen indizeen sistemari jarraituz aplikatzekoa den gehieneko muga.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!