Eguerdiko 12:00tan, Erribera Kulturgunean, 2023ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren sektoreko gertaera garrantzitsuenak azalduko dituzte. Segidan, ETS (En Tol Sarmiento) taldeko Iñigo Etxezarretak sagarrondo bat landatuko du alboko plazan. Jarraian, Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko da Alorrenea sagardotegian, eta ondoren, Etxezarreta bera soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dute.
13:45tarako Alorrenea sagardotegira hurbilduko dira. “Gure Sagardo Berria” oihu eginda sagardo berria dastatuko du En Tol Sarmientoko abeslariak. Modu horretan 2024ko txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio.
En Tol Sarmiento, bogako taldea
Azken urteotan sekulako ospea hartu du taldeak. Urrutira joan gabe, Sanjuanetako emanaldirik jendetsuena haiena izan zen. Abenduan zeresana eman zuten arabarrek, "20 urte zure eskutik" lelopean, 2025ean Barakaldoko BEC pabiloia hiru aldiz betetzea lortu dutelako. Milaka sarrera saldu dituzte, urte eta erdiren faltan.