Rosa Luxenburgo batailoiko argazki historikoa Orian ipiniko dute

Aiurri 2024ko urt. 12a, 15:02

Oriako eta Andoaingo zenbait miliziano, Bizkaiko frontean (Argazkia: Iartza Olalde familia)

Rosa Luxenburgo batailoi komunistaren argazki handia zintzilikatuko dute Orian, igande eguardian. Argazkian, 1936an Urnietako auzoa zen Oriako eta Andoaingo hainbat miliziano ageri dira. Errepublika garaian lan eskubideen, askatasunaren eta justiziaren alde borrokatzeagatik famatu zen Oria auzoari eta bertako auzotarrei aitortza egiteko baliatuko dute, igandeko ekitaldia.

Oriako Oria auzoko Karmengo kaperan, eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia.

Lasarte-Orian oroimen historikoa lantzen duen Islada Ezkutattuak elkarteak antolatu du argazki jartzea, Udalaren laguntzarekin.

Lehendik ere, makina bat argazki historiko erraldoi daude ipinita Oriako hormetan, iraganeko Oria eta oriatarren bizimodua islatzen dutenak; hala nola, lanean (Brunet lantokia), aisialdian (Sorgin Dantza, Musika Banda), Lasarteko auto zirkuitua...

Kaleko argazki erakusketa iraunkor horri igandean erantsiko dioten argazkian, Buruntzako eta Txaldatxurreko erresistentzia guneetan nahiz Bizkaiko hainbat frontetan Errepublikaren zilegitasun demokratikoa defendatu zuten eta faxismoari aurre egin zioten Rosa Luxenburgo batailoiko hainbat miliziano ageri dira;. 48 dira hain justu, oriatarrak gehien-gehienak, eta baita andoaindar bakar batzuk ere. Guzti horietatik, batzuk bizia eman zuten, eta beste askok artzela zigorrak pairatu zituzten edo langile-batailoietan amaitu zuten esklabo bezala.

Rosa Luxenburgo (1871-1919) jatorriz poloniar politikari marxista iraultzailea izan zen; bere garaiko gizartean eragin handia izan zen politikaria izatez ere. Poloniako eta Alemaniako Alderdi Sozialdemokraten buruzagietako bat izan ostean, bere azken urtetan Alemaniako Alderdi Komunistako kide gisa nabarmendu  zen. Alemaniako gobernuaren agindupeko militarrek erail zuten, 1919an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!