Rosa Luxenburgoko milizianoen argazki historikoa Orian ipini zuten

Aiurri 2024ko urt. 15a, 21:51

Oriako eta Andoaingo milizianoak biltzen dituen argazkia zintzilikatu zuten Orian auzoan, atzo egin zuten ekitaldian. Miliziano horiek, Buruntza eta Txaldatxurreko fronteak lehenbizi, eta handik aurrera Bizkaiko fronteak adorez defendatu zituzten, batzuek bizia emanez eginkizun horretan, gainera. "Justizia sozialean sinesten zutelako defendatu zuten Errepublika armak eskutan zituztela", adierazi zuen Islada Ezkutatuak elkarteko Joxea Muguruzak. Argazki-galeria eta bideoak, ikusgai:

Islada Ezkutatuak elkarteko kideak ez ezik, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak ere hitza hartu zuen, Karmengo kaperan egin zen ekitaldian.

Lasarte-Oriako txistularien taldeak eta Joseba Tapiak musika ipini zioten ekitaldiari.

Kaperan ekitaldia egin ostean, kalejiran kalera irten ziren guztiak, eta lehendik ere iraganeko Oria auzoa eta auzotarren bizimodua (Brunet lantokia, Sorgin Dantza, Musika Banda, Lasarteko auto zirkuitua...) deskribatzen dituzten hamalau argazki erraldoei, Rosa Luxenburgo batailoikoa batu zien.

 

Rosa Luxenburgo batailoiko kideak

1986a bitarte Urnietako herriaren ardurapean izan zen Oria auzokoak dira argazkian agertzen diren miliziano gehienak. Nolanahi ere, badira garai hartan Andoainen bizi ziren bizpahiru lagun, hala nola, Pako Gil Agirre eta Eusebio Iartza (Bizkaiko frontean hila). Ahaztu gabe, gerraostean andoaineratu zirenak, hala nola, Daniel Aldaz eta Joakin eta Inazio Arratibel anaiak.

Hona argazkian ageri diren milizianoak:

Atzeko lerroan, ezkerretik hasita: Faustino Garro Eizmendi; Antonio Jimenez; Jose Martinez Adarraga; Pedro Jose Eizmendi Garro; Joakin Arratibel Zuaznabar; Pako Aldaz Otamendi; Atanasio Etxaniz Añorga; Joakin Garro Eizmendi; Tomas Alkorta Adarraga; Jeronimo Ganboa Lopez; Inazio Arratibel Zuaznabar; Juanito Cano Inza; Pako Gil Agirre; Juan Romo Zulaika; ezezaguna; ezezaguna; ezezaguna; Teofilo Uria Cano; Atanasio Barrena Goñi; eta, Rafael Izagirre Elizegi.

Bigarren lerroan, erdian: Luis Goiaran Olasagirre; ezezaguna; Alfonso Alvarez Velloso; ezezaguna; ezezaguna; ezezaguna; ezezaguna; ezezaguna; Jose Mari Txintxurreta Arnegi; eta, Fernando Jimenez Lopez.

Lurrean eserita: ezezaguna; Markos Olasagasti; Ramon Muga Urdanpilleta; Daniel Aldaz Otamendi; Eusebio Iartza Etxeondo; ezezaguna; ezezaguna; eta, Pedro Gabilondo Egiguren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!