Eguerdiko 12:00etan eman diote hasiera ekitaldiari. Bertan, 2023ko uztaren nahiz sagardo berriaren ezaugarri nagusiak eta sagardo-sektorearen nondik norakoak azaldu dituzte. Ondoren, Sustrai Colina eta Agin Labururen errimen pean landatu du Iñigo Etxezarretak sagarrondoa.
Alorreneara salto eginda, txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza plazaratu dute, baita ETS taldeko abeslaria bera soka dantzan parte hartzera gonbidatu ere. Horrela, hasiera eman diote sagardotegi-denboraldi berriari, txotxa ireki eta Iñigo Etxezarretak aurtengo sagardoa dastatu ostean.
Gorputz txikikoa eta lurrintsua
2023ko uztarekin 12 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian, horietatik 4 milioi Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena egiaztapenarekin. Orotara 50 sagardotegi ari dira martxan Hego Euskal Herrian: Araban, bi; Bizkaian, hiru; eta, Gipuzkoan, 45. Hala, 6 milioi kilo bildu dira, 2023ko uztan, Euskal Sagardorako.
Sagardoaren izaerari dagokionez, rokorrean, iazkoarekin alderatuta, alkohol graduazio eta gorputz txikiagoa dute sagardoek, eta oso lurrintsuak dira.