Horren guztiaren berri emateko, Donostiako Eusko Jaurlaritzaren delegaritzan bildu dira gaur agerraldia egiteko, besteak beste: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Joseba Erramundegi Euskal Elkargoko Mugaz Gaindiko Europako eta Nazioarteko kontseilaria, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izenaren zuzendaria eta Bixintxo Aphaulek Domaine Bordattoko sagardogilea.
Elkarlana eta batura
“Produktuari eta ekoizleari zor diegu”, adierazi du Unai Agirrek prentsa-agerraldian. Hiru esparrutan eman dira aldaketak. Lehenik, lurraldetasunean, zeren Gipuzkoari, Bizkaiari eta Arabari, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa batuko baitzaizkie. Bigarrenik, sagar-motei dagokionez, 106tik 200 sagar mota izatera igaroko dira. Eta, azkenik, sagardoak ere definitu egin behar izan dituzte, nahiz eta iturburu berekoak izan.
Gaur egun, 50 sagardotegi daude Euskal Sagardoaren barruan. Hala mugaz gaindiko hitzarmenarekin, eta, aurrera begira, Nafarroa gehituta, 80 sagardotegitan ekoitziko litzateke Euskal Sagardoa.
Zer emango die Jatorri Izendapenak eragile guztiei? “Lanerako erreminta” dela aitortu du Agirrek, ahalegina “balorean” jartzen duelako eta “posizionamentua” ematen diolako produktuari: “Bakarrik baino askoz hobeto goaz guztiok elkarrekin”.
Bat dator baieztapenarekin Aphaule, Iparraldeko hiru lurraldeen izenean: gaur egun, Ipar Euskal Herrian, zortzi sagardogile eta 50 bat sagar-ekoizle daude. “Lan honek gure sagarren jatorria, berezitasuna eta aniztasuna baloratzeko aukera emanen digu”, azaldu du, "mugaz gaindiko kalitatezko ikur baten bidez: Euskal Sagardoa sor-marka". Aitorpen horri esker, euskal sagardoa etxean eta nazioartean "balorizatu" egingo denaren iritzi da sagardogilea, "jatorri eta ekoizpen-baldintzen kontrola eta babesa" bermatuta.