"Baserritarren laguna" izendapena jasoko du gaurkoan Zeberio andoaindarrak, ENBA sindikatuaren eskutik

Xabier Lasa 2024ko urt. 26a, 06:47

ENBA nekazarien sindikatuak Joxe Mari Zeberio andoaindarra omenduko du. Hernaniko ORONA Fundazioaren Auditorioan izango da, ENBAren Batzar Orokorra amaitu eta gero.

Hernaniko Orona Fundazioaren auditorioan egingo dute urteko batzarra, ostiral honetan. Zeberiok bere ibilbide osoan nekazarien sektorea egituratzearen alde egindako lana aitortu nahi du, era horretan, ENBA sindikatuak. Ohar bidez adierazi dutenez, Joxe Mari Zeberiok helburu bakarra izan du bere ibilbide osoan, “lehen sektorearen eta familia baserriarentzat etorkizun duinaren alde lan egitea. Helburu horrekin, Candida Iturriaga eta Maria Dañobeitia Fundazioan jardun zuen eta handik bultzatuta, baserritarren egituratzea bultzatu zuen bai sindikalgintzan bai kooperatiben edota gestio-etxeen arloetan”.

Bere ibilbidean sakontzen hasita, zenbait datu gogorarazi ditu sindikatuak, hala nola “1999an Munduko Landagunea-Foro Rural Mundial sorreraren gidaritza eman zuen, eta lanaren islada dugu gaur egun mundu osoko 35 miloi nekazarien ordezkari diren 51 eragilez osatutako sarea”. Joxe Mari Zeberio Begiristain Ataunen (Aia auzoan, Aiaugaldetxiki baserrian) 1949an jaio zen, eta txikitan, familiarekin Sorabillako Goikoetxeberri baserrira etorri zen bizitzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!