Tolosaldeko alkateen mugimenduaren agerraldia

Aiurri 2024ko ots. 5a, 21:06

Alkateen mugimenduak bere adierazpenean azpimarratu duenez, ‘Osasun Sailak duen bide-orria ez da nahikoa Tolosaldeak behar duen osasun arretari erantzuteko’.

Tolosaldeko osasun arretarekin kezkatuta eskualdeko zenbait alkatek, Tolosaldeko Alkateen Mugimendu sortu genuen aurreko legealdian. Agintaldi berriarekin batera, alkate gehiago batu da ekimenera. Gaurko agerraldian azaldu dutenez, “Tolosaldeko Erakunde Sanitario integratua osatzen dugun alkate guztiok, Larraulgoak izan ezik, bat egin dugu gure herritarren osasun arretaren kezka mugarri duen mugimenduarekin, 31 udalerritatik 30”.

Osasun arreta egokia

Asteasu, Alkiza, Bidania-Goiatz, Ibarra eta Tolosako ordezkariak elkartu dira gaur, Tolosako anbulatorioaren aurrean egindako agerraldian.  Adierazpena irakurri dute bertan: “Alkate mugimendu honen helburu da osasun arreta publiko egoki bat izatea. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu ospitale publiko integral bat izatea, eskualdean lehen arreta indartsua eskainiko duena eta gure hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatuko diguna. Hau guztia, nola ez, Asuncion Klinikako langileen eskubideak eta etorkizuna albo batera utzi gabe”.

Agerraldian azaldu dutenez, puntu hauek aztertzeko hainbat bilera egin dituzte: Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuarekin, TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformarekin, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariekin eta, Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresako Jesus Gomez Montoya gerentearekin.

Bilera Osasun Sailburuarekin

Adierazpenak jasotzen duenez, “abenduaren 11n Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin elkartu ginen. Bileraren helburua ospitale berriaz, eskualdeko lehen arretaren egoeraz, etorkizuneko hizkuntza irizpideez eta Asuncion Klinikaz eta bertako langileen etorkizunaz hausnartzea eta eztabaidatzea zen”.

Ospitalerako aukeratutako kokapenak sortzen dizkien kezkak adierazi zizkieten sailburuari: “besteak beste, azaleraz espazio mugatua dela, trafiko handiko gunea dela eta ordu jakinetan kotxe ilara luzeak sortzen direla. Sailburuaren erantzuna tinkoa izan zen: “eskualdeko ospitalea, Iruñea Hiribideko aparkalekuan, suhiltzaile etxearen aurrean eta Iurreamendi egoitzaren azpian eraikitzeko erabakia irmoa da’”.

Epeez galdetzean, 2024ko aurrekontuetan proiektua idazten hasteko partida aurreikusi dutela adierazi zieten eta 2029an bukatzea aurreikusten dutela. Zerbitzuei dagokienez, berriz, plan funtzionalak jasotzen dituenetara mugatu zen, ekarpenak egiteko aukerak erabat itxiaz.

Publifikazioa

Asuncion Klinikaren inguruan galdetuta, “ez dugu inolako irtenbiderako berririk jaso. Eskualdeko enpresarik handiena da, 350 langile ditu, eta urteak daramatza zerbitzu publikoa ematen. Argi dugu Asuncionen eta bertako langileen etorkizuna argitu arte eskualdean osasun arretarekin duen arazoa ez dela erabat konponduko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argi utzi du ez duela Asuncion Klinika publifikatzeko inongo asmorik. Ospitale berria eraikitzeko erabakia irmoa dela jakinarazi digute eta eraiki bitartean, hau da 2029ra bitarte, orain arte bezala, Asuncionekin hitzarmena sinatzen jarraituko dutela”.

Denbora aurrera doa, eta eskualdeko osasun zerbitzua ez doa hobera. Osasun Sailak duen bide-orria ez da nahikoa Tolosaldeko osasun arretari bere osotasunean erantzuteko. Alkate mugimenduak, bere herritarren osasun arreta erdigunean jarriz, duen ardurari helduko dio eta lanean jarraituko du, herritar, langile, erakunde eta bestelako agenteekin elkarlanean. Alde guztien arteko adostasun zabala da osasun arreta egoki bat izateko bermerik onena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!