"Treba gurasoak" ekimenaren baitan, hitzaldi bana Andoainen eta Urnietan

Aiurri 2024ko ots. 13a, 07:00

Asteazkenean, Urnietan. Eta, ostegunean, Andoainen. Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako hainbat hitzaldi eskainiko dira, hurrengo asteetan.

"Treba gurasoak" ekimen pedagogikoa Andoainera iristear da, Aldundiaren eta Udalaren eskutik. Lehen saioa haurren gurasoei zuzenduta dago. Datorren otsailaren 15ean izango da, Gazte Lokalean, arratsaldeko 17:30ean hasita. Hitzaldi honetan nerabeen errealitate digitala azalduko da, segurtasun digitalean familiak zer egin dezakeen azpimarratzeko. Guztira, haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako lau hitzaldiko zikloa izango da, otsailean hasi eta maiatzera bitarte. Bertan, haur eta nerabeen gurasotasun arduratsua sustatzeko bidean interesgarriak diren hainbat gai jorratuko dira.

Treba Gurasoak, Urnietan

Egun bat lehenago, otsailaren 14an, ziklo bereko hitzaldia izango da Urnietan. 17: 30ean hasiko da, Kiroldegiko bilera gelan. "Komunikazioa familian. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzea" izenburuko hitzaldia eskainiko du Leyre Canok. Hitzaldiaren helburuak honako hauek lirateke, antolatzaileen arabera: komunikazio enpatikoa eta asertibitatea ulertzea, entzumenaren eta komunikazioaren kalitatea hobetzea, hitzik gabeko komunikazioaz jabetzea, emozioak eta beharrak identifikatzea, konponbide fisikoak eraikitzen ikastea.

Hitzaldi gehiago iragarrita daude Andoainen eta Urnietan. Biak ala biak martxoan izango dira, osasun mentala eta giza harremanak ardatz hartuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!