[IRITZIA]

Zergatik? Zertarako?

Helena Zubillaga 2024ko ots. 12a, 08:00

@Texartu

Egun seinalatuetan, gure arbaso baserritarrak egiten zuten moduan janztea aukeratzen dugunean, ez gara mozorrotzen ari. Egiten ari garena gure kultura, gure esentzia, gure nortasuna oroitu eta duintzea da.

Duela gutxi, kale batean erakusleiho batean geratu nintzen, koloreak atentzioa eman zidalako. Bertan zegoen kartel batek honako hau iragartzen zuen: "Jarriozu kolorea zure Kaikuri!!"

Zintzilik ikusten ziren Kaiku gorriak, urdin argiak, horiak, arrosak, berde fosforitoak, artilezkoak, borlekin eta euskal probintzietako armarriekin... Erakusleiho berean maniki bat zegoen, blusa beltz batez jantzia, gona beltz batekin, zati batean bildua eta azpian beste gona bat erakusten zuena, marrazki zuri eta beltz distiratsu handiekin. Baserritar jantzi baten antzekoa izan nahi zuen. Irudiari burua falta zitzaion, horregatik ezin zen jakin jantzia osatzeko zapirik ba ote zuten, edo ez. Zapiarekin janzteko arrazoirik ez zegoela usteko zuten, akaso. Edo, besterik gabe, buruan trapu batek modelo osoa desitxuratzen zuela pentsatuko zuten.

Nire ondoan bikote bat zegoen, eta jantzi hura oso gogoko zutela zirudien. Emakumeak, gainera, zeinen dotorea zen nabarmentzen zuen. Beraz, urrundu baino lehen, gizonak esan zion emakumeari: "Hainbeste gustatzen bazaizu, esaiozu amari oparitzeko!!".

Elkarrizketa entzuten ari nintzela, amona Joxepa IÒaxi gogoan hartu nuen. XIX. mendearen amaieran Gabirian jaioa, gogora etorri zitzaidan haren irudia: marrazkirik gabeko  gona ilunarekin, mantala ondo lisatuta, eta, noski, buruan zapia jarrita zuela. Zeren eta, nire amonak, emakume baserritar eta euskaldunak, bazuen burua! Halako batean, bikotea joan egin zen eta han gelditu nintzen neure buruari galdezka: "Zergatik? Zertarako?"

Andoaindarrok, Euskal Herrian, askok bezala, Gabonak, Santa Ageda eta antzekoak iristen direnean, ohikoa ez den jantziarekin ateratzen gara kalera. Batzuek baserritar jantzia deitzen diote, beste batzuek, berriz, jantzi tradizionala, nahiz eta ehun urteko historia baino gehiago ez izan. Kasu batean edo bestean, urte hauetan guztietan arrazoi batzuengatik edo besteengatik berritzen joan den jantzia da, eta euskaldun guztion jantzi bihurtu da. Bere ezaugarriak, lurralde osoan, ia berdinak direlako.

Etxegoienek, bere azken liburuan, XIX. mendea baino lehenagoko biztanleek zituzten janzkerak erakusten dizkigu. Eta ekoizpenean eragiten zuten faktoreak aipatzen ditu, adibidez, lihoaren ekoizpena edo ingurune bakoitzean zegoen ardi-kopurua, lanbide ezberdinak, zonalde bateko edo besteko klima, taldearen nortasuna eta taldearen barruko posizio soziala... Ezkonduen, ezkongabeen, alargunen, haurren, gazteen eta alkatearen janzkerak ez ziren berdinak. Hirietatik iristen ziren modek ere eragin handia zuten, eta joera tradizionalaren iraupena arriskuan jartzen zuten. 1754an, Manuel Larramendi kexu zen janzkera
tradizionala galtzen ari zelako
Frantziaren eta Espainiaren eraginez.

Larramendik bazekien zer zetorren. Galera etengabeko prozesua izan zen, eta moda nagusitu zen Euskal Herri osoan. Gainera, XIX. mendean fabrikak agertu zirenean, baserritar gazte asko hasi zen industrian lanean eta janzkera aldatuz joan zen hiri batetik bestera. XX. mendearen erdialdean, kulturaren izenean, hiria eta modernizazioa aldarrikatzen hasi ziren, eta tradiziozko guztia gutxiesten. Hori gutxi ez eta gainera frankismoa nagusitu zen, euskalduntasunarekin lotura zuen guztiarekin bukatu nahian. Deskalabru horrek eta hainbeste debeku gure izaera eta nortasuna aldarrikatzeko beharra ekarri zuen, eta, horretarako, hori guztia irudikatuko zuen zerbait behar zen, eta une hartan baserritarren jantzia zen galtzen ari ziren balioak sinbolizatzen zituena. Hala nola hizkuntza, kultura, ohitura zaharrak.

Eta jantzi ginen, bai, baina guztiz eraldatuta zegoen jantzia, lihoaren eta artilearen antzik ez zuten oihalez egina. Emakumeen gonak ez ziren Joxepa IÒaxik janzten zituenak bezalakoak. Ez zitzaigun axola belauneraino puntu zuriekin gona beltza janztea eta mendiko botak edo txaketa eta gainean tokilla bat eranstea. Melenak luzitzea eta buruko zapia baztertzea aukeratu genuen, ahaztu egin zitzaigun edo inork ez zigun kontatu jantzi hori beste guztien gainetik emakume euskaldunen ezaugarria zela. Gizonen arropek ere ez zuten nire aitona Isidororen arropen antzik, galtza bakeroak edo mendikoak blusa beltz disdiratsuareikin bat egiten zuten, txapela ere batzuetan bai eta besteetan... "Zertarako?"

Laurogeita hamarreko hamarkadara iritsi ginen sentituz janzkera hark ez zuela gure herriaren nortasuna adierazten, gure jarrerarekin ez genuela gure arbasoen herentzia kulturala babesten. Konturatu ginen horrek euskal kultura tradizionalaren transmisiorik eza ekarriko zuela. Horrela, Albisu andereak eta beste profesional batzuk ikerketa zorrotza egin zuten. Esan ziguten, besteak beste, gure nortasuna lehen begiratuan ikusten zen horretan islatu behar zela, hau da, hizkuntzan, dantzan, musikan, beste arte batzuetan, eta, jakina, janzkeran.

Laurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, XIX. mende amaierako euskal nekazarien janzkera erreproduzitzeko eta jarraipen historiko erreala emateko aukera izan genuen, eta neurri batean lortu genuen. Baina gaur egun, berriro, eta gero eta gehiago, batzuek “jantzi tradizional berriak” deitzen dituzten jantziak ikusten ditugu, imitazio traketsa besterik ez direnak, oihalaren kalitatea errespetatzen ez dutelako, estanpatuek eta koloreek ez dutelako gure  arbasoenekin zerikusirik. Kirol-zapatillen janzkera arrunta bihurtu da, lauburuak, eguzkiloreak bordatuak ikusten dira edozein jantzian. Txapela, batzuetan, bai. Beste batzuetan, ez. Orrazkerak luzitzen ditugu eta kajoian uzten dugu mundu osoari “emakume hau euskalduna da” adierazten zion jantzia.

Egun seinalatu horietan, gure arbaso baserritarrak egiten zuten moduan janztea aukeratzen dugunean, ez gara mozorrotzen ari. Egiten ari garena gure kultura, gure esentzia, gure nortasuna oroitu eta duintzea da.

Burua zapiarekin estaltzen dudanean, mantala gona ilunaren gainean janzten dudanean, nire birramona, nire amona, nire ama omentzen ari naiz. Izan ziren eta izango diren emakumeak omentzen ari naiz.  Orduan, zergatik? Zertarako? Gogoeta egiteak merezi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!