"Aurten, Patxi Alkorta eta Txomin Perurenaren omenezkoa izango da klasikoa"

Andoni urbistondo 2024ko mar. 3a, 09:17
Aurten Zizurkildik hasi eta Asteasu amaituko da Klasika.

Martxoaren 10ean izango da Aiztondo klasikoko 19. ekitaldia. Zizurkilen hasi eta Asteasun bukatuko da, eta 26 taldek parte hartuko dute. Txomin Perurena omenduko du antolaketak. Ramon Ayerza Aitzondo elkarteko kidea da

Asteasuko Aitzondo elkartean egin du hitzordua Ramon Ayerzak (Asteasu, 49 urte). Euskal Herriko afizionatuen proba entzutetsuenetakoaren antolatzaile taldeko kidea, lasterketaren nondik-norakoak eman ditu, iaz proba motorren arazoarengatik bertan behera geratu ondoren. Boluntario direla nabarmentzen du, eta boluntarioei eta bailarako udalen babesari esker segitzen dutela proba antolatzen, “gu gazteak ginenean eman zigutena orain gazteak direnei bueltatzeko asmo xumez”.

Aste bat Aiztondo klasikoa korritzeko, Ramon. Urduri, edo lasai antzean?

Beno, ez gara hasi berriak, eta lasai antzean.

Zu zeu elkarrizketatua, baina probako antolatzaileak taldetxoa zarete. Nolakoa da taldea?

Gaztetan bizikletan ibilitako taldea gara, txirrindularitza gustuko zuena. Guk bizikletan ibiltzeko hainbatek lana egin zuten bezala, guk ere atzetik datozenei laguntzea bidezkoa dela uste dugu, eta horregatik ari gara Aiztondo klasikoa lasterketa antolatzen.

Nola sortu zen Aiztondo klasikoa?

Asteasun, San Pedro herriko jaietan lasterketa bat izaten zen, jubeniletan, eta ondoren afizionatu mailakoa bilakatu zen. Aurreko belaunaldiak lekukoa eman zigunean, 20 bat urte atzera, ardura hartu eta Aiztondo klasikoa antolatzeari ekin genion. Aurtengoa 19. ekitaldia izango da. Bi ekitaldi geratu dira bertan behera elurragatik, beste bat pandemia garaian, eta iazkoa, motorren aferagatik. Gipuzkoako Federazioak Lasarten korritzen zen Espainia Kopako proba bertan behera geratzen zela esan zigun duela 24 urte, eta ea guk hartuko genuen ardura. Asteasurentzat karga handia zen, herri txikia garelako, eta Amasa-Villabonan Irrintzi elkartekoek ere lasterketak antolatzen zituztela jakinda, haiekin hitz egin eta Aiztondo bailarako lasterketa sortzea erabaki genuen, bailarako herri guztien parte-hartzearekin: Asteasu, Amasa-Villabona, Larraul, Alkiza, Zizurkil eta Aduna. Elkarteak lau gara: Aitzondo Asteasun, Irrintzi Amasa-Villabonan, Urkamendi Zizurkilen eta Txulobi Adunan. Elkarte bakoitzetik pare bat lagun arduratzen gara, gutxi-asko.

Elkarlan eredu zarete; ez dira zuen moduko antolatzaile talde asko egongo…

Hala da. Probari bailararen izena eman genion, eta urteen joan-etorrian lasterketak sona hartu du. Babes handia sentitzen dugu sei udaletxeen laguntzarekin. Hitzarmena berritzear gaude, sei urterako, eta irteera eta helmuga txandakatzen ditugu herri guztien artean urtero. Modu horretan, hiru urtez behin herri bakoitzari irteera edo helmuga egokitzen zaio.

Ikusten ez den lan handia izaten omen da lasterketen antolakuntzan. Zuen kasuan ere bai?

Lehen aurrez aurreko bilera gehiago egiten genituen. Egun whatsapp-ari esker gutxitu egin dira, baina lana handia da. Iazko ekaina-abuztuan lasterketa eguneko data eman behar izan genuen. Gero babesleak bilatzen hasten zara, taldeekin hitz egin behar da, sailkapeneko lehen 15 taldeak derrigor ekarri behar dituzulako. Aurten 26 talde izango dira, eta gu, Euskal Herrian gaudenez, etxeko talde guztiei bertan korritzeko aukera eman zaleak gara. Ondoren boluntario bilaketa hasten da, trafiko azpiegitura guztia, Udalekin aparkalekuak, giza baliabideak… Lana pilatu egiten da.

Aurtengo ibilbidea aldaketekin omen dator, ezta?

Aldaketa dezente egin ditugu, bai, iazko motorren eta boluntarioen arazoak gogoan. Ordiziaraino joan-etorria egiten genuen normalean, baina aurten bailaratik atera gabe osatuko dugu erabat proba. Jende mugimenduak saihestuko ditugu horrela, eta motor kopurua ere txikiagoa izango da. Bederatzi itzuli emango dira zirkuituak osatzeko. Modu horretan babesa ematen diguten herriei gure esker ona azalduko diegu.

Bota, zirkuituko aurtengo xehetasunak.

Zizurkilen hasiko da. Aurten Patxi Alkorta eta Txomin Perurenaren omenezkoa izango da klasikoa. Biak Zizurkil herriarekin harreman estua izandako lagunak dira, eta omenaldi berezia egingo diegu proba hasi aurretik. Zizurkildik Asteasu aldera joango gara, industrialdetik, eta handik Zizurkilgo goiko auzora. Ondoren Adunara, eta handik Amasa-Villabonara, zirkuitu horrekin lau itzuli osatzeko. Bosgarrenean N-I hartuko da Amasa-Villabonan, eta Irura eta Anoetan barrena Alkizara igoko da, Asteasura bueltatzeko. Ondoren, beste bi itzuli emango zaizkio hasierako zirkuituari, denera sei osatzeko. Berrikuntzak azken bi itzulietan izango ditugu. Zizurkilen, Pasus-en zehazki, Fraisoro Nekazaritza Eskolara igoko da tropela, eta Muga Ranch zaldi eskolan barrena, Sarasola sagardotegitik, Asteasura berriro. Zirkuitu hori bi aldiz osatu beharko du tropelak, eta bigarrena bukatuta izango da helmuga Asteasun, Ibarrazpi kalean.

Lanen bat geratzen al zaizue lotzeko?

Boluntarioak lotzea, batez ere. Jendeak, normala den bezala, lasterketa ikusi nahi du, eta ez da erraza jendea lotzea bidegurutzeak zaintzeko. Halako egoera kritiko bat izan genuen iaz, eta gazteak jabetu ziren, boluntario jardunean aurrerapauso bat ematen ez bazuten proba desagertzeko arriskuan zegoela agian. Halaxe jakinarazi nien nik neuk. Ohar horrek bailarako hainbat lagun esnarazi zituen, nonbait, eta 30 gazteko koadrilaren konpromisoa lortu dugu. Egoeraren berri emateko izan genuen lehen hartu-emanean beldurtu xamar etorri ziren gazteak, geuk ardura euren bizkar utziko genuela pentsatzen baitzuten. Esan genien ezetz, ardura gurea izango zela, baina boluntarioak behar genituela derrigor. Iaz 70 boluntarioren mugan ibili ginen, eta gauzak ondo egiteko 100 lagun pasa behar dira. Txalotzekoa da gazteen erantzuna. Otsoari belarriak ikusi ondoren etorri da gazteen baiezkoa, baina etorri da. Xabi Irazu kidea arduratu da, batez ere, lan horretaz. Antolaketaren %60 hartzen du bizkar gain, eta eskerrak, bere lanik gabe jai izango baikenuen.

19. ekitaldia berezia izango da oso. Txomin Perurenaren omenezkoa izanen da.

Oso berezia. Orain arte Patxi Panadero, Patxi Alkortaren omenezkoa zen, aurrerantzean biena izango da. Peru lasterketako zuzendaria izan da hasieratik, eta urtero behin proba bukatuta boluntarioekin-eta egiten dugun bazkaritxora Txomin eta Patxi batzen ziren beti. Oso inplikatuta zegoen, garai bateko karrerak ekartzen omen zizkion gogora. Gu oso eskertuta gaude bere laguntzarekin. Iaz dena batu zitzaigun: motorrak, boluntario falta, Txominen heriotza… baina era berean akuilu ere izan da Txomin joan izana, proba hiltzen ez uzteko. Peru-rekin zorretan geundela sentitu dugu hainbatek, eta hortik etorri da jarraitzeko indarra, Aiztondo klasikoari jarraipena emateko. Caja Rural etxea babesle izango dugu, eta hori Txomin Perurenari esker lortu dugu. Babesle potente bat lortu dugu, eta Peru-ri merezi duen omenaldi beroa eskainiko diogu.

Etorkizunari begira, nola ikusten duzue zeuen burua?

Ba indartsu, udalen hitzarmena berritzeko konpromisoa baitaukagu. Haien babesa ezinbestekoa da, hori garbi esan behar da. Beraiek ere gustura daude, txirrindularitza proba bailarako txokoak han eta hemen erakusteko aukera ezin hobea baita. Pentsa Larraulgo egoera, irteera errepiderik ez duen herrixka. Irteera egin zen bertan ez aspaldi, eta herrian sekulako mugimendua sortu zen. Alkatea zeharo harrituta zegoen, ikusi zuenarekin: 200 ziklista, dozenaka auto, ikusleak… Azkenean Aiztondo klasikoa Espainiako 8-10 proba ezagunenetako bat da, eta sona handia du. Eta Udalei dena eginda ematen diegu ia-ia.

Zuk zeuk nola bizitzen duzu eguna, Ramon?

Abiatzen garenean hartzen dut arnasa, dena ondo lotuta dagoela sumatzen duzunean. Gero, sari banaketa bukatzen denean, bigarrenez, dena ondo joan bada.

Eskatzeko baimenarekin, zer eguraldi eskatuko zenuke proba egunerako?

Ateri. Izan ere, eguraldi bustia bada, arriskua handitu egiten da. Tenperatura ez da hain garrantzitsua, baina ateri egotea bai. Gainera, euriak jendea etxean geratzera bultzatzen du. Bidegurutzean boluntario lanetan ari dena ere, ateri bada, askoz ere erosoago egongo da. Bide batez, berriro boluntario aritzen diren lagun horiei guztiei eskerrik zintzoena helarazi nahi nieke, haiek gabe jai izango bailuke Aiztondo klasikoak.

 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 643 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!