"Hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira"

Aiurri 2024ko ots. 23a, 08:54

Bart arratsaldean Ajuria-Enean Gobernu talde osoa elkartu zuen Urkullu Lehendakariak, 12 urteko zikloari amaiera emateko eta deialdi berria iragartzeko.

Adierazpena Lehendakaritzan

"Sailburuok, jaun andreok, arratsalde on eta eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik! Gaur Gobernu Kontseilua izan dugu. Ondo dakizuenez berezia izan da.

Eusko Legebiltzarrean aurreratu nuen bezala, datozen hauteskundeetako data jartzeko hiru irizpide hartu ditut kontutan:

  • Onartu eta gizartearekin konprometitu genuen Gobernu-programa betetzea;
  • Hurrengo Eusko Jaurlaritzari eta Lehendakariari ahalik eta legaturik onena uztea; eta
  • Euskal gizartearen interes orokorra defendatzea.

Gaurko Gobernu Kontseiluan sailburuekin irizpide hauek partekatu ondoren, honako erabakia hartu dut: Hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira. Horrela izan dadin Dekretua 54 egun lehenago argitaratuko da. Hau da, datorren otsailaren 27an. Erabaki hau Legebiltzarreko presidenteari eta legebiltzar taldeetako ordezkariei komunikatu diet dagoeneko".

"Nire onena ematen saiatu naiz"

Lehendakariak azalpenekin jarraitu zuen: "Konpromiso hori bera eskatu diet nirekin lan egin duten sailburu eta beraien taldeko pertsona guzti-guztiei. Hori izan da beti gure iparorratza.

Nire lehen aitortza eta esker ona euskal gizartearentzat da. Ez ditugu urte errazak bizi. Krisiak bata bestearen atzean pilatu zaizkigu etxeko atean, ondorio zuzen eta oso larriekin gainera.

Gizartearen ahalegina txapela kentzekoa izan da. Erakutsitako konpromisoa gogo biziz txalotzen dugu.

Bigarrenik, Legebiltzarkide eta Legebiltzarreko langile guztiei. Honekin batera, Eusko Jaurlaritzan lan egin duten pertsona eta lan talde guzti-guztiei nire esker ona eta aitormena. Esker emate hau Gobernukide guztientzako da eta, denon izenean, Sailburuak aipatuko ditut: Eskerrik asko Josu Erkoreka, Arantxa T apia, Juan Mari Aburto, Ricardo Gatzagaetxebarria, Cristina Uriarte, Estefania Beltran de Heredia, Jon Darpon, Ana Oregi; Angel Toña, Beatriz Artolazabal, Iñaki Arriola, Pedro Azpiazu, Nekane Murga, Alfredo Retortillo, Sonia Perez, Bingen Zupiria, María Jesús San Jose; Idoia Mendia, Olatz Garamendi, Jokin Bildarratz, Gotzone Sagardui, Javier Hurtado eta Nerea Melgosa".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!