Denbora tarte beretsuan Andoaingo eta Urnietako Jabekuntza Eskolan parte hartuko al duzu? Zein da, oinarrian, ikastaroan eskainiko duzuna?
Bi udalerrietan eskainiko dudan ikastaroa berbera da. Egia da Urnietan profil orokor bati zuzenduta dagoela, hots, herritar osoari begira. Andoainen eskatu didate etxean dauden zaintzaileei begirako ikastaroa eskaintzea.
Eta nor da Saioa Garmendia?
Ongizate emozionala eta autozainketan aditua naiz, baita emozioen kudeaketan ere. Lanketa handia egiten dut bizitza kontzientea izateko garaian. Gure gorputza ulertzea ezinbestekoa da, hain era automatikoan bizi garen garaiotan.
Zure esperientziagatik, arlo horietan, gabezia asko ditugula esango al zenuke?
Bai. Erritmo oso azkarrean bizi gara. Inkontzienteki egiten ditugu gauza asko eta kontzienteago bizitzen ikasi beharra dago. Ohartu beharra dugulako nola gauden. Lanketa handia dago egiteko. Presaka bizi gara, eta gizarteak gainera abiadura horretan bizitera garamatza. Ekoiztera bideratu gaituzte, eta egotea eta sentitzea bigarren mailako bilakatu dira. Zer moduz gaude? Arreta jartzen diogu gure buruari? Askotan, ez dakigu zer dugun, baina zerbait gertatzen ari zaigu. Eta gure buruari arreta handiagoa jarri behar diogu.
Askotan, esan ohi dut gizarte hedonista bat eraiki dugula, mezu ugari jasotzen ditugu perfekzioa helburu izanik. Etengabeko zoriontasuna eta perfekzioa ez dira errealak. Zoriontasuna une zehatza da, ez da etengabeko egoera bat. Baina gizarte honek zoriontasunaren eta perfekzioaren etengabeko bilaketara garamatza, eta hori betetzen ez denean frustrazio handia sortzen da.
Ez dugun horri arreta gehiegi eskaintzen diogu, eta dugun hori ez dugu gehienetan batere baloratzen. Zer pasa zitzaidan eta zer egingo dudan, bi denbora-egoera horietan bizi gara, unean unekoari erreparatu gabe. Ulergarria da horrela bizitzea, egun, inertzia askok horrela bizitzera garamatzatelako.
Hasteko eta behin, bizitzeko moduaz kontzienteago izan behar gara, eta, gugan, asko dago egiteko. Behar denean lasaitzeko, eta gauzak beste era batera egiten hasteko.
Inertziak aipatu dituzu. Rolak eta generoak, oraindik orain, zeresan handia dute.
Txikitatik, informazioa jasotzen ari gara etxean, eskolan, inguruan... Sinesmen batzuk eraikitzen dira horrela. Hazten zoazen heinean, gutako askok barneratu dugu zaintzaileak neska izan behar duela. Horrela, ulertzen da zaintzaile gehien-gehienak emakumezkoak izatea. Gizonezkoekin ere errotuta zegoen ez dutela negar egin behar. Kultura horren ondorio da gizonezkoei gehiago kostatzen zaiela beren sentimenduak adieraztea. Finean, inkontzienteki, txikitatik jasotako informazioaren arabera harremantzen gara. Eta sentitzen dugunaren arabera jokatzen hasi beharko genuke, nire ustez.
Nolakoak izango dira saioak?
Bi orduko saioak dira, talde txikitan eta konfiantzazko giroan egingo ditugunak. Arnasketak garrantzi handia izango du, lasaitzen ikaragarri laguntzen digulako. Emozioei buruz hitz egiten ikasi behar dugu. Kanpora begira bizi gara. Garrantzia ematen diogu gutaz esango duten horri. Eta funtsezkoena gu ondo sentitzea, ondo egotea da.
Martxoaren 13an hasita, Urnietan
"Ongizate emozionalaren eta autozainketaren tailerra" izenburupean, ikastaroa eskainiko du Urnietan. Plazak bete arteko aukera dago ikastaroan izena emateko.
Ikastaroaren deskribapena:
Ongizate emozionalaren ikuspegia, autoestimuaren hobekuntza eta erlaxazio-teknikak.
Datak: martxoak 13, apirilak 10 eta 24 eta maiatzak 8.
Ordutegia: asteazkena, 18:00-20:00. Elebiduna.
Matrikula: 5 euro. 10 euro, erroldatu gabeak.
Martxoaren 21ean hasita, Andoainen
"Zaintzaileentzako ongizate emozional eta autozainketa lantegiak", horixe da Andoaingo ikastaroaren izenburua.
Ikastaroaren deskribapena: Gure ongizate emozionala zaintzeko behar dugun guztia ikusiko dugu, geure buruarekin ondo eta lasai sentitzeko, gure egunerokotasuna hobetzeko, gure autoestimua hobetzeko, gure emozioak hautemateko eta menderatzeko baliabideak eskainiz, eta daukagun estresa murrizteko erlaxazio-teknika desberdinak erabiliko ditugu.
Datak: martxoak 21, apirilak 18 eta 25 eta maiatzak 2, 16 eta 30 eta ekainak 13, 27.
Ordutegia: 15:00-17:00.
Tokia: Urigain.
Doan.